Barrurantz egin duzu oihu eta irribarre batez intsonorizatu duzu. Anabas horretara kateatu duzu zure burua, besterik merezi ez duzulakoan edo. Zure hurrengo bakarkako emanaldia inor inguruan ez duzunean izango da; distantziarekin loturak estutzean. Korapiloa askatu nahiko duzu gogorregi dagoenean, ez estuegi lotu zenuelako, ez alde egiteko beldurrez zinelako; baizik eta askatuko zen beldur.
Asko dira puskatzen direnak, baina erori ez balira bezala egiten dute. Eta badira alderantzizkoak ere: erori dira baina puskatu izan ez balira bezala egiten dute. Atzerantz begiratzen dute inork erortzen ikusi ez dituztela bermatzeko, eta bide batez, iraganari begirada bat botatzen diete. Baina ez, eginak ez dira aldatzen. Ezta egin ez direnak ere.
Azaroa iritsi da kalera eta eskerrak hotza berarekin ekarri duen. Honela baduzu barruan geratzeko aitzakia. Ekaitzaren zain geldituko zara, hark barea konbentzitu dezan besteentzat oskarbi egon dadila zu isilean blaitzen zaren bitartean.
Ez diezazutela galdetu minaz zauria bizkarrean itsatsi dizutenek. Zauri horren epizentroaren bila jarraitzen duzu oraindik, lurrikarak geroz eta maiztasun gehiagorekin errepikatzen baitira.
Aurikularretatik entzuten duzun doinu horrek ematen dizu abisua, hori da alarma. Abiadura bizkortu nahiko zenioke, azkarrago igarotzeko baino, amaiera hel dadin. Baina agian abiadura bizkortu edo moteldu beharrean, behar duzuna doinu hori gelditzea da. Musika alarmagarri horri hitzak ipintzen hasi eta isiltasunari tarte bat eskaintzea. Bere lekua topa dezan, zeuk bezalaxe. Eta pixkanaka berriro ere erritmoa markatzen hasi. Bide batez zure burua maitatzen hasi zaitezen; honela, zaindu dezazun behingoz maite duzun hori. Maite zaren hori.