Beldurrari so, beldurrari su, beldurrari putz. Haren baitan gorde edo erre. Ausardia, “sartzearekin batera ordaindu behar den” denda haien erakusleihoetan soilik topatu duzu. Eskaintza berezia: erosi ausardia eta esperientzia berriak opari! Garestiegi atera zitzaizun behin ostera. Eta hori izan zen zure irakaspen orokortua. Eragiketa guztien emaitza akordatua.
Ez baita horren erraza ahaztea eta berriz hastea. (Bizi)penak albo batera uztea. Beldurra orokortu egiten da eta autodefentsa mekanismo zena arerio bihurtu. Ez zaituzte hartutako erabakiek asetzen baina ez zara beste biderik aukeratzeko gai ikusten.
Gerrara ohitu zaitezke, baina gerra egon badago. Eta batzuetan ez duzu arriskatu nahi, ez baitzara oztopoa gainditzeko indarrekin ikusten. Askotan, ordea, galdu dezakezunaren beldur zarelako da. Berriro beldur; beldur handiegia, beldur asko. Beldur bat, beldur bi...: “horren txiki ote naiz ni?”.
Egunez amesgaizto, gauetan ohea birakari, korapiloa eztarrian, begiak ondoraturik eta aurpegia etxean ahazturik... munduaren gose zinen, baina orain ez duzu zure sineskeriak besterik irensten. Berriz da astelehen, berriro dietari ekiteko gogoz; hala ere ez diozu burua jateari uzten.
Beldurraren mugan gelditu zara, igarotzen ikusi duzu aukera. Honela, ziklikoki, dardara sortuko dizun beste egoera baten aurrean jarri artean. Dardara orekaren parte dela oroitu gabe. Beldurra beldar bihurtu eta barrua arakatu, argia sartzen zaizun zuloetatik bide egin eta elkar lotu. Ikaren oinarrira jo, barrua miatu eta mimatu. Zurrunbiloa korronte bihurtuz.
Azkenean, ez dago beldurraz jabetzen dena baino ausartagorik. Eta guk aspaldi ikasi genuen nola erori.