Kale Kantoitik

(Ka)osa

Oin puntetan ibiltzen ahalegintzen zara. Joan edo zatozenik inor ohartu ez dadin. Baina hanka sartzen duzu askotan, barruraino gainera. Izan ere, beti uzten duzu oinatza. Eta ohartu gabe, zurekin daramazu zipriztinduta lokatza.

Irri(st) egiteko beldur izaten zara sarri, ez duzu soinurik atera nahi. Ez duzu nahi inor ez ezer esnatzerik. Sabeleko arrak lotan daude, ez dute birikapean indusketarik egiten hasteko goserik.

Nekatuta zaude azkenaldian. Oin puntetan ibiltzeak bertigoa sortu dizu. Azken apaletaraino iristea lortu duzu, baina zertarako igo nahi duzu goraino oreka galduko baduzu? Nahikoa duzu azaleko konstelaziora begiratzea, galdutako iparraren bila hasteko.

Ez zaitu jaten duzun guztiak elikatzen; barrua jaten dizun haren gose zara. Azazkalak hozkatzeari utzi diozu zu hausten zaituenak irentsi ez zaitzan. Nahiago duzu luze utzi, ez baitakizu zein lur edo larru hazkatu beharko duzun hurrena. Non egin beharko duzun zuloa lehenago, ihes egin edota ihesetik gordetzeko.

Oin puntetan ibiltzen zara, dantzariak bezala. Sorbaldetako pisua oinetara igaro eta beste barik jauzi batez hurrengo pausora bideratzen. Ez duzu nahi zure ibilera suma dezaten, baina inguru guztia aztoratzen duzu. Eta mugimendu bera errepikatzen duzu behin eta berriz pausoa erritmora ondo ahokatu arte. Aske imitatzen zara.

Behatzekin ibiltzen zoaz, atzean utzia behatzen, zurekin daramazuna gainean sentitzen. Ez da apurtu zarela, baina esan nahi zenituen hitz guztiak zigarro ahokada bihurtu zenituen, lehen esan bezala urratsa erritmora ahokatzen duzun modu berberean. Eta dantzaria, zeu, errauts. Horregatik ez zara apurtu, baina zer gertatzen da norbaitek putz egiten badu?

Zergatik dira irteteko bakarrik larrialdietako ateak?

Mai(z)tasuna da aldatu dena eta oin puntetan irten ohi zara. Beldur handiagoa baitiozu bertan gustora egoteari. Barruan galdu eta zapatak ohepean utzita, ihes egiteko modua bertan geratzea izateari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!