Kale Kantoitik

Zerbaiten alde baino, beti zerbaiten kontra

Alde egiteko joan zara zeure kontra. Ez dakit norantza oso garbi duzun, beti joan baitzara nora ez dakizunera. Eta berdin izango da ihes egiteko ere; alde egiteko ere.

Grabitatea duzu barruan. Oinak eta buruak ordea badirudite beste teoria fisikoren bat erabiltzen dutela. Pisuaren beste ekuazioren batekin ebatzia, inertzia barnebilduz. Inoiz ez dago erantzun zuzenik.

Dena ez baitago zenbatzerik…

Atzo goizeko bi kafeak, hiru zigarro, lau mezu, deiren bat, zapata bati begira baina iragana ikusten igarotako bi minutu t’erdi, esaldi bat, bi esanahi, sei aharrausi, hasperen bat, beste kafe bat, eztarrian ezkutaturiko hiru gedar, odolez beteriko lau konpresa eta mihiari kosk egin dizkiozun une guztiak.

...baina baduzu zer kontatu.

Aspaldian ahaztua zenuen mina. Ez zenituen gertu sentitzen oroitzapenak. Ez zenuen gertu sentitzen iragana. Distantzia mesedegarria zitzaizun behingoan, baina berriro itzuli dira hauek, beste behin, zeure kontra errebotatzera. Edota zeure alde.

Aurre egin beharrean, atzera joan. Aurrera egin beharrean, inpultsua hartu. Aurrea hartzeko, haren gainetik jauzi egin. Eta lur hartzean, nahigabea nahi gabe airean utzi. Dena gainera erortzen ari zaizula pentsatzean eskuratuko duzu berriz.

Bazoazen ala zatozen ez duzu oso argi. Ilun baitzaude. Baina argia ilunetan hobeto ikusten da, ezta?

Grabitaterantz joan zara baina ez duzu erori zaren aldi bakoitzaren fitxa teknikorik aurkitu. Mundua jaten saiatu zinen baina hozkada batean mihiari kosk egin zenion eta orain ez dakizu korapiloetan trabatu gabe ahoskatzen. Mingaina hortzen atzean ezkutatzen ikasi duzu. Min egin dizunaren atzetik jarraitzen duzunean bezala.

Baina honek ez zaramatza inora. Eta ez dizu uzten berton gelditzen.

Horregatik egin nahi duzu alde agian. Zerbaiten kontra joanez, atzeraka bultzatu nahirik, indartsuago egin zaitezen.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!