Gogoetan murgildu zara ea harresia non ikusten dizun edo zeri deitzen dion pentsatzen. Horrela jarri zara zeure barrua apur bat mihatzen eta dena nahas-mahas bat egina topatu duzu. Baina ez erabat desegonkortu zaitzakeen nahaste bat. Zirriborro baten antzera ikusten duzu gehiago; ezabatu, marraztu, zimurtu, tatxatu, idatzi... dezakezun paper zuri baten gisan. Zeuk ere ulertzen ez duzuna sarritan.
Eta ezkutatzen dituzun sentimendu guztiez gogoratu zara, erakusten duzun irribarreaz, ezkutatzen duzun xamurtasuna askotan, erakusten duzun hoztasuna... Galdetu diozu zuren buruari ea zenbateraino erakusten duzun ezkutatzen ez duzuna.
Zure amaren harresia topatzen saiatu zara ondoren. Miresmena besterik ez datorkizu burura. Benetako goxotasunak, konpromezuak, adeitasunak... biltzen dituzten kezka eta beldurrak. Batzuek badirudite begi-zuloetan isladatzen den gaua irribar ozenez estaltzen dutela egunez.
Estali. Zer da ageriko eta zer ezkutuko? Zeren artean eraikitzen da horma? Zein helburu du? Zatitzea? Barrukoa babestea? Kanpokoa babestea akaso? Edo eraikuntzan dagoela eta ez da komeni inor gertu egotea?
Hala eta guztiz: non aurki dezakegu harresi bat? Isilune batean? Janzten dugun arropan? Negarrari heltzen diogunean? Alde egitean? Askotan geuk ere ez dakigu. Baina gerturatzen uzten ez diegunean jakiten dugu geuk ere gertu dagoela harresia. Arrazoi batengatik edo besteagatik ez gara harresi hori erauztearen aldekoak. Hezur bat gehiago bailitzan gordetzen dugu; geurekin zartatu dadin.
Eta asko dira harresiaren zirrikituetatik begira harrapatzen ditugunak. Batzuk baimenik gabe gainera. Ohartu gabe uzten diegu begiratzen beste batzuei. Gutxi batzuk berriz, ez dira jabetu izan ikusi dutena arrakalaz bestaldekoa zela. Batzuetan, zauri beretik heltzen dira mina eta ilusioa.
Eta harresiaren kokapena buruan darabilkizu oraindik... Koordenadak bizipenen arabera kokatzen diren, edo bultzaka okertutako horma bat den... Zuk etxeak teilatutik hasi izan dituzu. Kea darion lekutik.
Harresi mota asko daude: ezkutatzen dutenak edo ikusten uzten ez dutenak esaterako. Harrizkoak izaten dira normalean. Erori garen bakoitzean pilatutako harri-txintxarrez osatuak. Zurean hala ere, badira arrakalak. Barrua atximur egiten dizuten bakoitzean sortzen direnak.
Eta buruari bueltak eman eta eman... Sarrionandiaren poema batekin atera dituzu ondorioak:
“Lau, bost, sei harresi gure inguruan
Bihotz bat bestearen barruan bezala.
Euriak zorionari eragindako kantua
Laku zaharren batean ito zen,
Haizeak ez dakar ezer. Begiratu,
Hegaztien itzal hatzeman ezinak lurrean.
Zer egin dezakegu? Paseatu,
Urrats bakoitzean errauts apur bat utziaz;
Mundua ere geure antzera biratzen da
Bere buruaren giltza aurkitu ezinik.”
(Lau bost sei harresi, Gartzelako Poemak, Joseba Sarrionandia)
Azken finean, gu geu ere harresiak gara: hainbat adreilu-piezaz (des)osaturiko puzleak. Gu geu ere harresiak gara geure burua gure baitatik babesten.