Zure barnean ez dago lekurik, ez duzu topatzen zeure buruarekin estropezu egiteko unerik. Bai; leku-uneak elkar jotzen baitira gehienetan. (G)uneak, gomuta izaten baitira gehiegitan.
Baina ez zara heldu. Heldu, tira, bultza eta jarraitu. Inertziak korapiloen soketan balantzaka eramaten zaitu.
Bozgorailu batetik 500 km falta direla aditu duzu, baina zuk mapetan ez duzu ikusten bi behatzen artean sartzen den tartea besterik. Nahi duzunerako bertan egongo dela esan dizu behin eta berriz, baina zuk argi urteetara sentitzen duzu burkidea. Zu-tik bera arteko tartea ere sartuko ote da mapetan? Zutik behera.
Batzuetan ordea distantzia beharrezkoa da, grabitatea sentitzeko. Hutsunea nabaritzeko, edota zure baitan kabitzeko. Neurriak hartu eta elkarren arteko orekari egingo zaituzten hariak erosteko. Arnasa lapurtu eta hautsontzietan uzteko. Beharrezkoa ere izan daiteke beraz, zeuk hala nahi duzunean: distahantzia.
Hona galtzeko ez duzu etorri beharrik. Ez dago joan-etorriko txartelik. Baldintza bakarra berandu baino lehen bueltatzea da, ez dago besterik.
Baina badira beharragatik beharrean behartuta sortzen diren distantziak. Gertu sentitzen direnak, hurruntasunetik gertu. Hurruntasunetik erdu.
Distantzia, bi punturen arteko ibilbidea da. Joxean Artze maiteak ondo esan zuen bezala: “Bi punturen artean, zein da biderik laburrena? Biderik ederrena!”. Nahiz eta batzuetan, bi punturen artetik alde egiteko ihesbide bilakatzen den. Tarte batean alegia, zauritik minera dagoen moduan.
Eta lasai, ero(r)tzea normala baita. Edozein zabaleretako distantziak direla medio, noraezean jarraituz gero, zihur izan elkar topatuko zaretela. Agian, ohartu gabe ere leku berean baitzaidete.