Kale Kantoitik

Larru(rantz)a jo

Ez zatoz. Ez zatoz zure burua zuritzera. Azaldu nahi duzuna, zure larrua da. Zeure soinean erdi erantzia duzun larmintz kuttuna. Irakurtzen ikasi nahi duzu, azalak irakurtzen. Braillean. Poroen hizkuntzan. Dastamen-papilak irakurtzen utzi dizkizute, baina min gainean, mingainean, ez da beti aztarnarik; ahots-kordek aspaldi lotu zituzten eta esan gabe utzitakoak. Hiru puntuak besterik ez dituzu ulertzen.

Gosez harrapatu zaituzte batzuetan, besteetan egarri, askotan bero. Edo musikagatik ero. Lau begiekin hasten dira begiradak, ezpainak irrietara eskegitzen direnean. Alkoholaren berbek eta tabakoaren keak atmosfera propio bat osatzen dute, zu-tik “gu”-ra. Zutik gura dituzu besoetako ileak, kitzikaturik.

Nondik ez dakizuen nora zoazte. Komunera, hutsik dagoen eszenatoki batera, etxera, ohera, kale izkina bateko lurrera... Hormek ez dute inoiz ezer esango. Baina entzun, ez beti da ez. Baiezkoa ez dago erakusten duen zilborrean edo tapaturiko ipurdian. Baiezkoa garapenean dago, bien desioan.  

Zure ezpainek hitz egin nahi dute; baita hanka artetik ere. Pasioz ferekatzen dituzu. Bat, bi edo hiru. Zu, hura edo haiek. Arropa kentzen hasten zara baina ez zara inoiz eranzten. Larrua jo nahi duzu. Larrura ordea ez da kanpotik iristen.

Musuak, behatzen ibilbideak, mingainaren ibilbideak... Apurka hurtzen doan izozkia. Eta arnasa, bafadekin betetzen den sabel gosetia. Behatz-topatzen eta galtzen. Elkar estutuz askatzen. Harreman sexual-afektibo edo sexual-intimo. Edo binarioki etiketatu gabeko txortaldi bat.

PlazERREan blaitu zara, hasperenetan ito.

Behatz mamien paseoak datoz gero, bizkar soiletik, ezerezari begira. Atzamarkek ere ez dizute kentzen barruan duzun azkura. (Bi)hotzikarak hasi dira. Azalaren kodea azaleratzen. Ezezagunetik ezkutatzen zaituen puntodun larrua, josia. Ilez eta hariz. Ahalduraren zimurrak aurkitu nahi dituzu ferekaz fereka. Zauri aztarnak laztanez, laztarnak. Barruko suaren errautsak aurkitu nahian. Zure zati bakoitza inguratzen duten arrakalak. Konstelazioak sortzen dituzten oreinak eta apurka-apurka apurtzen zaituztenean metatzen zaizkizun apurrak.

Azala irakurtzen ikasi nahi duzu, braillean. Jakiteko zer den agerikoak ezkutatzen duena. Nolakoa den azalaren memoria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!