Kale Kantoitik

Oin harrizkoa

Dutxa barruan zaude, azken egunetako nekea arindu nahian. Berogailua piztu, toalla prest utzi eta musika topera jarri duzu. Ur txorrota kiskalgarria jausterako, Izal taldearen musikak komuneko gela estenatoki bilakatua du. Gorputzeko poro guztiak urez bete eta xaboiarekin zure burari forma emango bazenio bezala hasi zara azaleko txoko guztiak aparrez betetzen.

Zure ixkina guztiak bete nahiko bazenitu bezala, apurka-apurka higatzeko, erantzi nahi duzun azala bertan trabatzen baita biluzten hasten zaren bakoitzero. Ur tanta beroez garbitu dituzu olatu aztoratuetako azken apar markak. Ur beroak sortutako kea, su itzaliarena. Zu itzaliarena.

Uretan dena astiroago gertatzen da. Ihesa jauziarekin trabatzen da, pausoa oinatzarekin eta presa zipriztinekin.

Ikutu zaituzten esku-marka guztiak ezabatzen hasiz, mugen markekin topatu zara. Beti izan duzu dilema hori zeure baitan, ezabatzen hastea berriro ekiteko bidea da? Edo atzerantz itzultzeko? Aurretik idatzia irakurri gabe laztandu duzu Braille azala.  

Dutxatik atera eta ispilu lurrundu birekin topatu zara, zure erreflexu lausoarekin. Izal taldearen beste kantu bat hasi da erreproduzitzen: Berdezko emakumea (La mujer de verde). Ez duzu inoiz kantua ulertu, baina beti eman diozu zentzu bat. Amona hil zitzaizula urte bat egingo den honetan, hartaz gogoratu zara kantuaren melodia abesten, gorputza lehortzen duzun bitartean. “Badakit bere super-botereak oparitu nahiko lituzkeela besteok bezalakoa izateko... Berdezko emakumeak berriro jantzi du trajea ni erreskatatzeko... Zer gertatuko da balek errebotatzen ez dutenean?... Egidazu seinale bat, nik iñauterietako mozorro bat bilatuko dut, aurkituko dugu zerbait ganbaran, zin egiten dizut ez dizudala traba egingo... Egidazu seinale bat...”. Amonaz gogoratzen hasi zara, sutondoko aulki gorriaz eta etxera bakarrik ez joateko aginduaz. Zure amaz ere oroitu zara.

Finean, orekari zaren hariez gogoratu zara. Haietatik helduta edota haietatik zintzilik. Oinarriak etorri zaizkizu gogora. Oinarriak. Oin harriak. Oin harrizkoak. Eta lokarriak eztarrian. Harrizkoa egin dizute oinatza, pisutsua pausoa. Berriro sentitu zara uretan, zipriztinak masailetan; beratzen jarri duzu memoria. Busti gabe blaitu zaizkizu begiak. Lurrundutako kristal zikin hori bezalakoak. Bere barrukoa erakusten ez duen erreflexu iruzurtia.

Etxea etxe bihurtzen duten oinarriak sentitu dituzu oinetan. Lurrera ekarri eta bertan mantetzen zaituen amaz. Harri horien pisua arinagoa egiten dizuten konpainiaz. Harri horiekin eraiki ditzakezu zubiak, hormak... Eta astunegiak egiten direnean jaurti, haizearen alde baina zerbaiten kontra.

Konketan zintzilik utzitako arropak hartu eta estalkiz estalki jantzi dituzu. Mozorrotu zara berriro ere, berdezko emakumearen antzera. Baina ez zara geldituko seinalearen zain. Bidea duzu zain(etan). Arrakalak dituzu gorputzean, alegia. Baina urak ez dizu higatu ertzik.

Izan ere, apurka-apurka, hauts zurrunbiloek metatuta, harrizkoa egin zara zeu ere. Zeure amona eta ama bezala.

Harri harrizkoa egin zara. Haizea alde dugu gaur; bada zerbaiten kontra joateko garaia.       

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!