Zati bat eskaini dizute, baina zuk irrifar batekin ezekoa eman diezu. Hobe ez probatzea bada ezpada ere. Izan ere, zuri, mundua errepikatu egiten zaizu.
Beraz, gosea egiteko, denbora egitera atera zara kalera. Kalean bizi izan baitituzu momenturik gogoangarrienak. Bertan inguratzen zara bakarrik sentiarazten zaituzten jendeaz. Eta era berean, bertara ateratzen dira babesa emateko prest daudenak. Momentu horiek etorri zaizkizu gogora, zure esnatzera. Haiekin oroitu baitzara, denbora: segunduak, orduak, gainditzeak, galera (,) uneak... barnebiltzen dituen parentesi handi bat dela.
Jakin nahiko zenuke ea zenbat aldiz kraskatu zaizun oskola, ea zein pitzaduretatik galtzen duzun airea. Nondik begira dezakegun, eraitsi gabe, zure harresia. Larrua eta barrukoa bereizten dituen min muga. Ala helmuga. Zenbat segundu kontatzen dituzun ekin aurretik. Nola lotzen dizkiozun ahots-kordak mingainari, nola isiltzen dituzun zure ihesak. Zergatik itzultzen zaren amore eman gabe eta ematen diguzun amore. Ea noren eta nongo haritan zaren orekari. Zintzilik ala lotuta zauden. Edota askatzean zimur... Zenbatetan iritsi zaren berandu alde egiteko trenera. Zenbatetan hautsi dituzun hausturak. Zenbatetan zenbatu dituzun e(ra)bakiak eta zenbatetan inertziak.
Eta zer baduzu harrizko oskola? Zure burua islatzen duen uretara botatzen duzunean aldatzen da irudia? Ala uraren zulotik sartzen da zure barrura?
Mundua edozein eskaparatetan dago salgai. Batzuk lapurtzeko premia dute, balioren bat izango duelakoan edo. Beste batzuk ordea, prezio bat duelakoan daude.
Eskuartean, hankaz gora, buruz behera edo txikiegi dute batzuek. Askori lurrera erortzen zaie; eta ondoren, berdin-berdin irentsi. Askok diote “jaten duguna garela”, horregatik dira “mundu bat” zenbaitzuk. Beste askok, zeharkatzea dute helburu; munduaz bestalde ikusteko edo.
Mundua gora, mundua behera... Intolerantzia sortu izan dizu beti zuri. Mundua, oso txikia geratu zaizu eta nahiago duzu gertu sentitzen duzunaren atmosfera, arnasa. Planeta urdina urrutiago geratzen zaizu, egun itzali batean, gutxien espero zenuen norbaitek berarekin eman zuelako agian. Aurpegian lehertu zitzaizun Big Banga.
Burrunbaka hasi zaizkizu tripak eta eskuak sabelera gerturatu dituzu, orroek tximeletak esnatu ez ditzaten. Hasi da gosea apurka-apurka bere lotik itzartzen. Eta honelaxe utziko duzu, zulo beltz hori handitzen joan dadin. Goseak eramaten baitzaitu gauza berriak bilatzera, osagai berriak probatzera. Joseba Sarrionandiak zioen bezala “Barruan dugun mundua ez da kabitzen barruan gaituen gelan”. Eta zuri mundua aspaldi erauzi zizuten zure barrenetatik, bizikletako gurpiltxo osagarriak bezala. Orain, berriro hasi behar duzu oreka bilatzen, balantzak zalantzan jartzen eta dardarak egurkadez sortzen. Finean, indarra eta gogoa emango dizuten elementu haien bila hasi beharko duzu berriz. Goseak elikatu zaitzan.