Jolas parke naturala eraikitzea, duela hainbat urte, 2017-2018 ikasturte amaieran hain zuzen, ikasleek egindako asanblada orokorrean proposatutako ametsa izan zen. Hala, hainbat oztopo eta trabaren ostean, Pedro Maria Otaño ikas komunitatea osatzen dutenek egindako lan handiari esker, aurten, 2022an, ametsa egi bihurtzea lortu da.
Jolas parke naturala hiru eremuz osatua dago, Oreka jolasaz, gune artistiko eta irakurketa txokoaz eta zentzumenen parkeaz. Hiru gune hauei esker, hezkidetza eta integrazioa, nahiz naturaren zaintzarekiko interesa eta ardura bezalako baloreak ardatz hartuta, hainbat helburu erdietsi nahi dira. Beraz, helburu nagusi horiek oinarritzat hartuta, ondorengo xedeak ere lortu nahi dira. Hala nola: neska-mutilen arteko harreman osasuntsuak sustatzea, eta mugimendurako gogoa bultzatzea; sozializaziorako eremu berri bat sortzea eta adin nahiz sexu ezberdinetako ikasleek elkarrekin jolastea; jasangarritasun baloreak kontuan izanda, jolas eremu dibertigarri eta orekatu batez gozatzea; ikasleen garapen kognitiboa eta motorea hobetzea, herritar orok, jolastokia eskola orduz kanpoko topagune eta sozializazio-gune erakargarri bezala ikustea; landa ingurunearen eta eskola eremuaren arteko zubilana egitea; Agenda 2030 egitasmoa eskola proiektuaren baitan barneratzeko beste bide bat garatzea; eta azkenik, haurren beharrak, sentipenak, emozioak eta nahiak azaleratzeko nahiz partekatzeko gune ireki, osasuntsu eta aske bat denon artean eraikitzea.
Pedro Maria Otañoko ikasleek pozik hartu dute jolas parke berria eta ireki zen momentutik asko dira jolasordua bertan igarotzen dutenak.
Ikasturte oro, Pedro Maria Otañoko ikasleek, taldean egindako lanketaren ostean, ikasturte amaieran egiten den Asanblada orokorrean, Ikasleen Ametsa adosten dute. Amets honek zenbait baldintza bete behar ditu. Batetik, gauzagarria izatea, eta bestetik, eskola nahiz komunitate osoari onura ekartzea. Amets hauek, batzuetan, erraz eta oso epe motzean gauzatzeko modukoak izaten dira, baina beste batzuetan, lanketa eta denbora andana eskaintzea eskatzen dute. Horren adibide da, aurtengo ikasturtean egi bihurtzea lortu den ametsa, hau da, jolas parke naturala eraikitzea. Oraingo honetan, ametsa gauzatzeko, eta parkea eraikitzeko ezinbestekoa izan da komunitatea osatzen dugun eragileon elkarlana, hauen artean OMBU familia elkartea, Eskola eta Zizurkilgo Udala.