Joan zaigu beste urte bat, bere lau urtaroekin. Lanean tope ibili gara, urtero lez, festarik-festa, geletan, baratzean, herrian… eta aurten gure baratzeko belardian dagoen oilategian. Askok ahaztu badute ere, oilategia izatearena ametsa zen eta egi bihurtu da. Ohitu gara egunez egun bertara joan, garbiketa lanak egin, janaria eman eta garrantzitsuena arrautza zoragarriak biltzen; gure komunitateko beste edozein kide bezala zaintzen, alegia.
Eta amestea polita eta aberasgarria denez, ikasleek ez dute denborarik galdu eta amesten jarraitu dute. Euskaldun onak bezala, sukaldeko kontuek erakarrita, sukaldaritza tailerra egitea proposatu zuten. Eta hortxe ibili dira ikasturtean zehar beraien ametsa nola gauzatu pentsatzen: lehengaiak, suak, sukaldeko tresneria… guzti hau lortzea garrantzitsua zen, baina, baita sukaldari adituak izatea ere! Eta gure ikasleak posible dela sinesten dutenez, batera eta bestera joaz sukaldari tailerra martxan jartzea lortu dute. Eskolako pasiloetan haizeak barreiatu ditu mota guztietako usainak, zein baino zein hobea, tripak orroka jartzeko modukoak.
Sukaldari entzutetsuenen pare, ikasitakoa guztiekin partekatu nahi eta ekainaren 1ean komunitate osoa gonbidatu nahi izan dute mimo eta ilusio handiz prestatuko dituzten pintxoak eta jakiak dastatzera. Eskolako frontoiean izango da hitzordua; aurrekomantalak eta sukaldari txapelak soinean bertan izango dira LHko ikasleak askotariko jakiak prestatzen.
Eta gurasoak aukera hau aprobetxatuz, aurreko urtean estreinekoz ospatu zen aiton-amonen eguna errepikatzea pentsatu dute. Aitona-amonak bilobekin elkartu ahal izateko topagune ezberdin bat. Gure eskolako ateak urte guztian nahi duen ororentzat irekiak badaude ere, egun honetan beste behin ere bereziki, aitona-amonak omendu nahi dira. Gurasoek berain lana baloratzen dutelako eta irakasleek gertuko sentitzen dituztelako. Arratsaldea HHko ikasleekin pasatzeko aukera izango dute, hainbat jolas, dantza eta abesti ikasi eta 16:45ean frontoiean guztiekin partekatzeko. Eskolako eta herriko errealitatea den kulturartekotasunak ere tokia izango du ekainaren 1eko festan eta Nigeriar talde baten kantu emanaldia ere izango dugu. Guzti honekin bihotzak alaitu, gorputza astindu eta ordurako sukaldariek prest izango dituzte pintxoz beteriko mahaiak frontoiaren bueltan; badakizue, ezin festa bat borobildu janaririk eta edaririk gabe!
Zuek ere gonbidatuak zaudete!