Gelak doinuz eta errimaz bete dituzte hiruhileko honetan haur hezkuntzako ikasleek, aho tradiziozko olerkiak oinarri harturik. Ahotsa, keinua, mugimendua eta jolasa lagun, beste urte batez, literaturaren hastapenetara jo dute errima eta erritmoa duten egitura hauekin gozatuz eta irudimena askatuz. Aurreko astean, guraso bolondres batek eskainitako olerki emanaldi bat ikusi eta entzuteko aukera izan zuten, eta atzokoan beraiek izan ziren protagonistak. Goizean Billabonako Fleming ikastetxeko ikasleak izan zituzten bisitan eta prestaturiko emanaldiak elkarri eskaini zieten; arratsaldean, berriz, herritar guztiak gonbidatu zituzten eskolako mediatekan eginiko errezitaldira. Euskara eta euskal kultura transmitituz, gure altxorra den hizkuntzarekin jolastuz, olerki berriak sortuz eta komunitate guztiarekin partekatuz bukaera polita izan du proiektuak. ...Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Zizurkilgo plazan!
ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?