Horregatik egiten zait bereziki zaila lerro hauetara zerbait atsegina eta goxoa ekartzea. Zer esango dizut nik zuri arnasaldi bat emango dizuna, akaso irribarre ñimiño bat atera, edo gorputzaldia sosegatuko dizuna. Ez konplikatzea erabaki dut, eta azken hilabeteotan nire konplize izan den horri buruz aritzea: musikaz.
Izan ere, uda hastearekin batera hartu dudan errutina izan da musika aukeratu eta aktiboki entzutea. Ez nion orain arte erreparatu nigan zuen eraginari, baina merezi du ariketa egitea. Gorputzari sentitzen utzi, eta oharkabean eramaten zaitu beste unibertso batera, ahazten zaizkizu gaitz eta minak.
Ziur naiz zuri ere gertatu zaizula: kontzertuaren aitzakian plana antolatuta, denbora hartu duzue elkarrekin egoteko, eta emanaldiak iraun bitartean hor egon zara gorputz eta buru, soilik parean zenuenari so, doinu eta erritmoek zeharo harrapatuta. Zoriontsua zara. Eta horrek, gaurko garaiotan, urrea balio du.
«Arte eszeniko guztien antzera, gure baltsamo eta ukendu dira. Ez dago zalantzarik zaindu behar ditugula, eta musikaz bizi ahal izateko aukerak bermatu behar dizkiegula»
Duela hainbat hilabete dezente eztabaidatu da zenbait musikarik jasotako diru laguntza publikoen harira. Gaiari zor zaion errespetua zalantzan jarri gabe, uste dut ez dugula haien lana behar beste balioesten. Handi edo txiki, bakarlari zein talde, musikari guztiek dute zer kontatua edo adierazteko nahia, eta benetan dira beharrezko gero eta jasangaitzagoa den lur honetan.
Arte eszeniko guztien antzera, gure baltsamo eta ukendu dira. Ez dago zalantzarik zaindu behar ditugula, eta musikaz bizi ahal izateko aukerak bermatu behar dizkiegula. Hurrengo pausua da asmatzea hori nola egin dezakegun, modu duin eta justuan.