Pentsatu dut, nik ere irentsi izan dudala berdintasuna eta feminismoa bereizten zuen korronte ustez moderatuaren amua. Nik ere jan dudala, orekaren izenean etorri arren pribilegio eta bortxa sistema honi eusten dion pozoia. Ez, ez naiz gainerakoak baino argiagoa.
«Zorionez, kide argiz inguratuta nago, eta berdintasuna parekidetasunetik zein urrun dagoen bistaratu didate»
Zorionez, kide argiz inguratuta nago, eta berdintasuna parekidetasunetik zein urrun dagoen bistaratu didate. Eta baita erradikala errora jotzen duena dela gogoratu ere. Feminismoa euskalgintzarekin txirikordatu dutenean sentitu dut bereziki argi, nola funtzionatzen duen manipulazio horrek, euskaran hezteari «doktrinatze» deitzen zaionean eta euskaraz artatua izateko eskubideari «inposizio». Errespetuaren izenean erdaraz nahi gaituen indar berak garamatza berdintasun aldarrietara. Nahi baino beranduago ulertu badut ere, berdin tratatzeak egiturazko desberdintasuna iraunarazten du.
Egiturazkoa denik ukatzera datoz, baina, gazteen erreferentzia diren zenbait ahots; eta zurrumurrua datuen gainetik jarriz, salaketa faltsuen bandera haizatuz eta diskriminazioa aldez aldatuz, feminismoa manipulazio ideologikorako tresnatzat definitu nahi dute. Eta ari dira lortzen, eremu batzuetan.
Lasai, irten daiteke hortik. Irten izan gara gehiago ere. Aski da, momentuz, ahots horien ondorioak albisteekin kontrajarrita: ze, tamalez, oraindik Euskal Herritik irten gabe egunero daukagu eraso fisiko eta sexualen inguruko gertaera edo sententziaren bat. Jakinik, hori egitura osoaren puntaren punta baino ez dela. Eta «JaEzDagoEzerEsaterik» diotenek zenbat bozgorailu duten ikusi besterik ez da, diskurtso feminista hegemoniko izatetik zein urrun dagoen ohartzeko.
Egoerak larria izaten jarraitzen du, datuak ikusi besterik ez dago. Eta datua ukatua den garaian, egia eztabaidagai den unean, mesfidantzak bide ematen dio narratiba faltsuari. Jasotzen dugun mezu oldearen aurrean, kontrastatzea ez da sekula bidezidor labur eta erosoena izango. Baina bai zuzena.
Lilatoia soberan dagoela uste baduzu, Andragora espazio baztertzailea iruditzen bazaizu, hurbildu, ezagutu. Feminismoa marratik irten den mugimendutzat baduzu, asteburu honetan duzu larrialdi irteera bat eskura: irten plazara, jarraitu albisteak, entzun jendea. Ez besteek nola irudikatzen dituzten, baizik benetan bakoitza ze kezkak daraman kalera, pankartek zer eskatzen duten. Giza eskubideak topatuko dituzu, oinarrizko xamarrak eta genero auziaz askoz harago doazenak.
Beste mundu bat feminismotik. Denontzat bizigarri dena. Baita arbuiatzen duten guztientzat ere.