Betaurrekoak ere izan ziren saioko protagonista hainbat unetan, eta ez da kasualitatea: begiradetan oinarritzen baita kontua, eta bertsolariek ahotsean eskaintzen digute eurena.
Leidor azken aukeraraino zukutu zuen Agirrek, gai-emaile eta gonbidatu bereziek lagunduta: Aritz Olano altzoarra, Xabier Errespetuz taldeko ordezkari, Asteasuko bertso eskolako ikasleak, eskualdeko puntako pilotariak … “egiten duzuna gara” leloa gorpuztu zuten oholtzan denen ekarpenek.
Hausnarketarako tartea eskaini zuten hainbat bertsoaldik, herrigintzaren, kontsumo ereduen belaunaldi arteko talkaren eta generoaren ikuspegitik. “Auskal” herriaz eta “eskabide” diren eskubideez aritu ziren lehen ofizioan, Arzallus eta Mendiluze. Jarraian, Iguaran eta Egaña 36 urte atzera eraman zituen bideo batek; Iguaranek fuerte ekin zion urteen ajeari ateraldiak aurkituz eta Egañak borobildu zuen, hurrengo belaunaldiarekin ere abestuko lukeela erronka eginez. Laburu eta Lujanbiok bizi ekin zioten saioari, Gazteluko baserri batera egokitu ezindako hiritarren larrutik. Etengabeko umore eta hausnarketa orekan aritu ziren gero ere, eta salpikaderoko txakurrak nola, bihurgune arriskutsuenetan ere baietz-baietz egiten zuten entzuleek, txalo jo artean.
Jostailu puskatuek eta kristalik gabeko betaurrekoek piztutako umore printzetatik zer pentsatua ere eskaini zuten guztiek, Txirritaren bertso zaharretatik Messiri bostekoa eusten dion bertsogintzaraino. Maila altuko saioa izateaz gain, euskal komunitateko ahots eta begirada erreferenteak eskualdeko ahots eta begi den Atariari zuzendu zitzaizkion. Hona Lujanbioren azken hitzak: “Entenditzeko mundu honen emaria/ lehenbizi begiratu etxe Ataria”
Orain, Egañak agurrean abestu moduan, silabak neurtzetik txilabak janztera; eta uste baino gertuago daude biak: egiten duguna da Ataria, eskualdeko nortasun txatal desberdinak josiz osatzen delako, kolore mota guztietan; baina txilabak bezala, garenetik janzten gaitu.