Ataria Bertso Jaialdia 2018

Munduko aretorik txikiena bilakatu da Leidor

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urtarrilaren 20a

TOLOSALDEKO ATARIAren bertso jaialdiak lepo bete du, beste behin, Tolosako Leidor aretoa; bertso zaleek gozatu ederra hartu dute, sei bertsolarien aleekin. 

Urte hasierako aldapa samurtzeko gozokia, askorentzat. Txapelketaren hondarretan bertso-abstinentzia-sindromeari aurre egiteko botika, zenbaitentzat. Eta, beste batzuentzat, galdu ezinezko urteroko zita. Sarrerak eskuan izanda ere, Tolosaldeko bertso zaleak goiztiar bertaratu baitira, gaur, Leidor atarira, eserleku onenak hartzeko ilara egitera. Eta, Andoni Egañak hasierako agurrean "munduko zezen plaza handiena duen herriari" kantatu bezala, bertso zaleek munduko areto txikiena bilakatu dute Leidor. 

Oholtzan, Aitor Mendiluze, Beñat Iguaran, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Agin Laburu, Amaia Agirreren gidaritzapean. Aretoko eserleku berdeetan, berriz, 800dik gora bertso zale, bi orduko saio egarriz. Eta, eskatutakoa beti jasotzen ez den arren, irribarre gozoz irten da, gaur, entzulea, Leidorretik. 

Izan da umorearen gerizpera hurbiltzeko aukerarik, eta baita genero, belaunaldi aldaketa, euskal komunikabide, integrazio nahiz politikaz hausnartzeko gogoetarik ere. Eltzean bat egin dute osagai guztiek, hurrengo urtarrilera begira jartzeko. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!