Pasahitza (zaharra)

"Bidea abian delako zorionez"

Kale Kantoitik zutabean Oihana Iguaran billabonatarrak iraileko azken asteburuak emandakoaz egin du gogoeta, Kataluniako hauteskundeetan begirada jarriz:

Asteburu mugituarekin agurtu dugu iraila. Batzuk Hernio puntan harrapatuko zituen; beste asko Bizipoza jaialdia; gutxi batzuk, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari adi.

Baina igande iluntzean irrati eta telebista inguruan bildu gintuen gehienok, Altunaren garaipenaz eta Realaren derbiaz harago. Katalunian genuen askok burua, igandean zehar. Batzuk inbidiaz, bete askok jakin-min hutsez, eta gehienok itxaropenez.

Itxaropenez denbora asko daramagulako itxaronez. Eta ez den arren gure oinez, bide abian delako, zorionez. Garaile izan da baietza, bete daiteke ametsa.

Igandean ikusi genuen herri baten poza, baina astelehenean berriz, politikaren azoka. Aitzakiak merke, egiak garesti. Parlamentuko aulkiak herri baten prezioan eta bozketa aurreko promesetan beherapena. Behingoan eskaria eta eskaintza bat etorriko balira sikiera...

Eskaria agertu da behintzat. Igandeko irudiek ilusioz betetzen gaituzte, eta herriaren hitza balitz giltza? Herriak ekarri ditu politikariak hauteskundeetaraino. Sistema bada gorputza, herria da nazio eraikuntza, gure esku dago zer bultza.

Bihar etorriko dira balorazioak, negoziazioak, bide orriak eta bideak. Gaur, amesteko unea da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!