Hain urrun eta hain hurbil!

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola 2016ko martxoaren 20a

Pintxo pote osteko afarian hasi ginen eztabaidan, muturrekoka ez baina muturrak ondo berotuta. Auzo-lotsa eragiten duten telebistako saio horietakoa izateko Klaudio Landa eta bi kamara bakarrik falta ziren han.

Batzuk baietz, Espainian hauteskundeak izango zirela, ez zela posible gobernua osatzea. Besteak ezetz, edozer egingo zutela hauteskundeak errepika ez zitezen. Afaria jokatu genuen eta han jarraitu genuen gure burua ez gainontzeko guztiak larrutuz.

Hala ari ginela, hala bota zigun lagun batek: «Ikusten duzue? Denok ezagutzen ditugu Andaluziako Teresa Rodriguez eta Susana Diaz, eta inork ez ditugu Baionako eta Mauleko auzapezak ezagutzen». Elkar begiratu eta konturatu ginen mugikorren laguntzarik gabe inork ez genuela ez bata eta ez bestea ezagutzen eta momentuko beroaldian gureak eta bi egiteko balorea agertu genuen.

Apirilean, Nafarroaren Egunean joatea ez zela aski eta planak egiten hasi ginen. Batek, Zuraideko artzain bat ezagutzen zuela eta hari lagunduz bi hilabete pasako zituela hitz eman zuen. Beste bik bizikletaz Baionatik Altzürükürako bidea egingo zutela esan zuten.

Ea hurrengo pintxo potean zer adosten dugun, esandako erdia eginda ere ez gara gaizki ibiliko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!