Aireportuak hutsik, hegazkinak iheslariez beteta… Kaleak hutsik, espetxeak preso politikoez beteta eta hemen gaurkoan nire gogoeta…
Lagun batek Züricheko aireportutik argazki bat bidali dit: "begira aurten huts-hutsik dago!". Azkar bi gogoeta etorri zaizkit burura: lehenik, klimarentzat ondo, eta ondoren, atzo hegazkinak iheslari afganistandarrez beteta atera zituztela gaur hutsik dagoen aireportu berdinetik!!
Pandemiak agerian utzi duen osasun sistemaren krisi betean, gobernu suitzarrak asilo zentroak husteko erabakia hartu du, esan bezala iheslariak, politikoek leku seguru izendatu duten Afganistanera bueltan bidaliz. Maletak bailiran, hegazkinean sartu eta agur!! Bat gutxiago bere logika makabroan!!
Deportazio zentrotik irratira deitu nau bertako emakume preso batek. Gaur Parisera eramango naute hegazkinez, badakizu Dublin akordioa. "Eskerrik asko zuen elkartasunagatik eta salatu irratian, ni eta emakume askok jasandako biolentzia matxista, ez dutela asilo arrazoi bezala onartzen. Politika inhumano hau ez dut ulertzen…". Eta nik hortzak estutuz: patriarkatua, arrazismoa, kapitalismoa…
Eta jarraitzen dut irudikatzen norekin betetzen dituzten hegazkinak… Duela aste batzuk Jaione eraman zuten hegazkinez, Madrilen espetxeratzeko. 42 urte eta gero, zain zuen herentzia frankistako Audientzia Nazionalak antolatutako hegaldi politiko eta errepresiboa. Euskaldunon aurkako jazarpenak preskripziorik ez, hau torturatzaileei eta espekulatzaileei bakarrik aplikatzen zaie… Zorionez Iratxe ez dute hegazkinean sartuko, Parisek lehen aldiz uko egin baitio euroagindu bati tortura kasuengatik… Eta gogoetekin eta galderekin jarraitzen dut… Nola itzuliko ote naiz ni? Noiz beteko ote ditugu hegazkinak guk erabakitzean, pertsona aske bezala?
Noiz eta nola bukatuko dugu jazarpen politiko eta patriarkal honekin??
Gure emakume* gorputzak politikoa izatea utzi eta subjektu politiko bilakatzean irauliko dugu patriarkatua. Gure ideiak defendatu eta beraien alde borrokatzea delitua ez den sistema batean bukatuko dugu jazarpen politikoarekin. Beraz, hustu ditzagun espetxe eta hegazkinak eta bete ditzagun kaleak presoekin, iheslariekin, emakumeekin*, migranteekin, errebeldeekin, disidenteekin eta borrokalariekin. Orduan bakarrik izango baikara denok aske!!!
Besarkada feminista bana eta urte iraultzailea opa dizkizuet nire territorio librea den bihotzetik!!