ELKARRIZKETAK

Kirolarekin bizimodua hobetuz

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2025eko irailaren 7a

Soraya Miguel Montaña, Arkaitz Rodriguez Castro, Elisabet Agirrebengoa Ibarguren, Carmen Fuente San Sebastian eta Mila Arretxe Etxeberria herritarrek kirola egiten dute Olaederra kiroldegian, Sonia Muñoz eta Ander Alkortarekin.

SORAYA MIGUEL MONTAÑA (Villabona, 50 urte)

 

Zergatik hasi zinen entrenatzaile batekin?

Nire osasun ibilbidea zela-eta hasi nintzen. Duela 25 urte, eskailera batetik erori eta orkatila apurtu nuen. Horren ondorioz 11 ebakuntza izan nituen oinean. Ondoren, mina izan nuen urte luzez. 32 urterekin, behin orkatila zuzenduta, bizikletan ibiltzen hasteko aukera izan nuen. Lau urte nahiko txukun pasata, bizkarreko protusioekin hasi  nintzen. Aldakako ebakuntza eta sei hernia diskal izan nituen. Urte gogorrak izan dira fisioterapian eta Osakidetzako minaren unitatean murgilduta. Beti ibili naiz osasunaren hobekuntza bilatzen han-hemen, baina ez nuen erabateko arintzerik sumatzen. Konturatu nintzen jarraipen gehiagoko zerbait behar nuela, eta kiroldegiko entrenatzailearekin izena eman nuen duela bi urte. Une honetan, Ander Alkortarekin bakarkako saioak egiten ditut, fisioterapian ere jarraitzen dut eta baita minaren unitatean ere.

Hobekuntzarik sumatu duzu?

Bai, nabaritu dut aldaketa, mina kontrolpean dut orain. Pisurik hartu ezinik egotetik, gimnasioan pisuak altxatzera iritsi naiz. Ander Alkortak txintxeta guztiak bere lekuan jartzen dizkit aktibazioaren bidez, eta gauza asko egitera iritsi naiz, egia esan. Indar gehiago, arintasun handiagoa eta min gutxiago dudala antzeman dut. Geratzen naizenean, oporretan-edo, atzerapausoa egiten dut. Baina honek askoz hobeto egoten lagundu dit. Nik ez dut geratu nahi klase hauek gabe, ezin dut egia esan, hiru lunbar, bi dortsal eta zerbikal bat kaltetuak ditut eta prozesua oso gogorra izan da, minaren ibilbide luzea. 

Egunerokotasunean izugarrizko aldea nabaritu dut. Pentsa, ez nintzen gai hiru orduz eserita egoteko, eta azkenean, horren eraginez, lana ere galdu nuen. Psikologikoki oso gogorra da gaitz kronikoak izatea, egunerokoan eragiten dizulako erabat. 

Hobekuntza horretan zure jarrera ere giltzarria izango zen, ezta?

Ni gimnasiora etortzen naiz nire kasa Ander Alkortak bidaltzen dizkidan ariketak egitera, astean hiru bat aldiz, horretaz gain oinez eta bizikletan ibiltzera joaten naiz. Bizitza aktiboa mantentzen dut. Indar ariketak lantzearen garrantzia ulertu dut, nire gorputza da horren adibide. 

Herriko kiroldegian topatu duzu botikarik onena. 

Hala da, eta asko baloratzen dut herri txiki bateko kiroldegian horrelako zerbitzua egotea, izugarria da. Min kronikoarekin zaudenean edozer ordaintzeko prest zaude hobeto egoteko, dirutza uzten duzu, normala denez, osasunean inbertitzen baituzu. Entrenatzaileek egiten dutenak ez du preziorik. Jende asko laguntzen ari dira Ander Alkorta eta Sonia Muñoz. Halako itxaron zerrenda dute! Primerakoa litzake zerbitzua zabaltzeko aukera balego.

 

ARKAITZ RODRIGUEZ CASTRO (Zizurkil, 46 urte)

 

Zein izan da zure ibilbidea entrenatzaile pertsonalarekin? 

Nik duela hamaika urte bizkarrean lesio bat izan nuen, hernia bat L5-S1 tartean. Horrek nerbio ziatikoa ukitu zidan eta ondorioz, hanka baten mugikortasuna eta muskulatura galdu nuen erabat. Herren eta minez geratu nintzen. 

Sei bat hilabetera, nire emazteak jakin zuen Sonia Muñozek banakako saioak egiten zituela kiroldegian eta berarekin harremanetan jarri nintzen. Hasiera hartan pentsatu nuen saiatzeagatik ez zela ezer gertatzen. 

Medikuek esaten zidaten estetikoki ez nuela errekuperatuko, hau da, herrena hor geratuko zitzaidala, baina saiatuz gero, agian muskulatura berreskura nezakeela. Errealitatea bestelakoa izan da. Mutualitateko medikua esaterako izugarri harritu zen eboluzioaz, pentsa ezazu ezin nuela hanka puntetan jarri ere egin.

Konstantzia izan da giltzarria?

Dudarik gabe. Hamaika urte hauetan berarekin segi dut, eta noizbait geratu banaiz, pandemia garaian adibidez, berriz itzuli dira minak. Nik bakarrik egiten ditut ariketak baina ez da berdina, intentsitatea galtzen dut eta mina hasten zait. 

Zertan antzeman duzu aldaketarik handiena?

Nik asko zor diot Sonia Muñozi, pentsa ezazu, nik ez nuen kirolik egiten gaztetan. Eta lesioaz geroztik hasi nintzen. Neure buruarekin harrituta geratu naiz urte hauetan. Sonia Muñozek hasiera-hasieran esan zidan helburuak jarri behar nizkiola neure buruari, eta horrela, XIV Orduak egin nituen. Artean herrenka oraindik, baina egin nituen. Geroz, etorri dira beste kirol proba batzuk, triatloiak, Behobia… Azken urteetan utziak ditut hauek guztiak. 

Osasuna berreskuratzen hasi eta kirol probak egiten amaitu.

Bai, astakeria xamarra da, baina egia da eboluzioa horixe izan dela, polita.

Etorkizunerako zer erronka duzu?

Ba ez dakit, buruan darabilkit berriz triatloiren bat egitea-edo. Bartzelonako Triatloia amaitu gabe utzi nuen, eta arantza hori kendu nahi dut. Horretaz gain, Donostiako Onditz egingo dut, triatloiekin amaitzeko. Gainontzean, bizikletan hasi nahi nuke pixka bat gehiago, korrika egitean jada nabari dut zailtasun handiagoa hankan. 

Eta noski, entrenamendu saioekin jarraituko dut Sonia Muñozekin. Izugarrizko mesedea egiten dit, ezberdin sentitzen dut gorputza. 

 

ELISABET AGIRREBENGOA IBARGUREN eta CARMEN FUENTE SAN SEBASTIAN (Villabona, 69 urte)

 

Noiz hasi zineten entrenatzaile pertsonalarekin?

Elisabet Agirrebengoa: Ba guk Sonia Muñoz ezagutzen genuen pilates berarekin egiten genuelako. 9 edo 10 urte izango dira, gutxienez, berarekin hasi ginela indarra lantzen. 

Carmen Fuente: Bai pilatesen ez genuen indar ariketarik egiten, eta aktibitate fisikoa osatze aldera, erabaki genuen astean behin, biok bertan hastea.

Aurrez aktibitate fisikorik egiten zenuten? 

Agirrebengoa: Gure goizeko lansaioa amaitzean elkartzen ginen biok aktibitate fisikoa egiteko. Pilates eta igeriketa egin izan ditugu elkarrekin, Carmenek eta biok.

Fuente: Baina, kiroldegia sortu aurretik ere, kultur etxean aerobik egiten genuen. Eta kiroldegia zabaldu zenean, hemen ez zegoen taldeko jarduerarik, eta biok elkarrekin igeriketa eta gimnasioan ibiltzen ginen. Oraindik jarraitzen dut igeriketan. 

Agirrebengoa: Ordutik hona beti jarraitu dugu elkarrekin ekintzaren bat egiten. Estimulu bat bada lagun batekin etortzea, badakizu hura zain dagoela eta gutxiago faltatzen duzu klaseetara, konpromisoa da nolabait. Nik orain pilatesen jarraitzen dut.

Hobekuntzarik sumatu al duzue?

Agirrebengoa: Ni, egia esan, ondo sentitzen naiz. Oso konbentzituta nago indar ariketak egin behar direla, giharrak ez galtzeko, sarkopenia ekiditeko. Oso garrantzitsua da, adinean aurrera joan ahala, egindako pixka honek asko laguntzen du. Psikologikoki ere oso garrantzitsua da, ni ondo sentiarazten nau honek. 

Fuente: Nik osasun arazo batzuk ditut, artrosia eta trokanteritisa, eta hau fisioterapia saioekin tartekatzen dut. Fisioterapeutak esaten dit antzematen dela hemen egiten dudan lana. Agian, egingo ez banu askoz okerrago egongo nintzake une honetan. Ezin dut esan askoz hobeto nagoenik, baina ez dut okerrera egiten, eta hori asko da. Badakizu noiz antzematen dudan? Etortzen ez garenean, orain oporrak emango dizkigute eta irailean klaseetan hasteko irrikan egongo naiz. Okerrera egiten dut etortzen ez naizenean. Etxean egiten saiatzen naiz, hasieran energia askorekin, baina pixkana-pixkana gutxiago egiten dut eta nabari da. Osasunaren okertzea, hobekuntza baino gehiago antzematen da. 

Zer da klaseetan egiten duzuena?

Agirrebengoa: Beroketa moduan bizikleta egiten dugu 10 bat minutuz. Ondoren, esterilan berak esandako ariketak egiten ditugu, aldiro ezberdinak jartzen dizkigu. Amaitzeko, makinatan gihar ezberdinak lantzeko ariketak egiten ditugu. Oso konpleto egiten dugu lan. 

Fuente: Gorputza osotasunean lantzen dugu, goiko aldea, besoak, erdialdea eta hankak. Posturak ere zaintzen dizkigu, zuzentzen digu. Gozatua da. 

Etorkizuna nola ikusten duzue?

Agirrebengoa: Ahal badugu eta osasunak laguntzen badu, eta horretara etortzen garenez, hemen izango gara! Oso garrantzitsua da egitea.

Fuente: Jarraitu behar dugu, luxua da herri txiki bateko kiroldegian zerbitzua izatea. Hobetzeko badu instalazioak baina beti lekua duzu eta konpletoa da.

Agirrebengoa: Herrian hau izatea, eta oinez etorri ahal izatea etxetik, bikaina da. Lotura pixka bat hartu behar duzu ondo arrankatzeko. Bi izatea horretan guretzat giltzarria da. 

 

MILA ARRETXE ETXEBERRIA (Amasa, 79 urte)

 

Noiztik ari zara Ander Alkortarekin entrenamendu pertsonaletan? Zergatik?

Ba, bi urte izango dira, bi ikasturte, eta udakoak ere bai. Oporrak hartzen dituzten arte etortzen naiz. 

Nik tibia eta peronea puskatu nituen, eta Osakidetzak eskaintzen duen errehabilitazio saioetan ibili nintzen. Hangoa amaitzean geldirik ez geratzeagatik hasi nintzen hemen, ahizpak gomendatuta. 

Zer egiten duzu Ander Alkortarekin? 

Gimnasioan aritzen gara batik bat, giharrak lantzen, eta gero, mugimendua lantzen dugu.

Hobekuntzarik antzeman al duzu?

Ander Alkorta asko saiatzen da lo dauzkadan giharrak aktibatzen, eta antzematen dut. Ikusten da badakiela zer egiten duen, asko daki. Mugimendu ona daukat, oreka hortxe, hobetzeko badut oraindik. Lehen baino askoz hobeto bai, sumatzen dut. Luze ibiltzeko garaian makilarekin hobeto sentitzen naiz, eta hura ez badut soinean, aterkiarekin moldatzen naiz. Baina gabe ere, orain ondo nabil. 

Lehen kirola egindakoa al zara?

Batere ez, sekula. Orain begira, lotsatuta aritzen naiz batzuetan makinatan gazteen tartean, baina behintzat, egiten dut. Gogoa jartzen diot.

Orain berriz ere errehabilitaziora joatea tokatu zait Osakidetzan, eta bietan nabil. Denbora askoan egon naiz zain eta joan egin behar! Gaur egun gogorra daukat, bietara joatea egokitu zait-eta.

Aurrera begira zer?

Aurrera, ba, jarraituko dut, bai-bai. Bestela, hemen egiten ez dudana ez dut etxean egiten, alfertu bezala egiten naiz. Kiroldegira etortzen naiz, agian alferkeriarekin, baina etorri behintzat bai. Ander Alkortak bidaltzen dizkidan ariketak ere egiten ditut etxean, baina hemen hobeto aritzen naiz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!