Errespetua eskatu nahi dizuegu tolosarrei Dianan

Azken urteetan geroz eta jendetsuagoa izaten den ekitaldia da Zaldunita egunekoa; zenbait unetan erritmoa geldotzen du eta aurrera egitea eragozten digu.

Pasa den astean aurkeztu zuen Tolosako Udalak inauterietako egitaraua, eta ekitaldian, elkarbizitzan eta errespetuan oinarritutako inauterien aldeko apustua egin dutela adierazi zuen Andu Martinez de Rituerto alkateak. Bada, guk ere bat egin nahi dugu deialdi horrekin, eta Dianan parte hartuko duten herritarrei mesedez eskatzen diegu musikariak errespetatu ditzatela. 

Urte asko dira Tolosako Udal Musika Bandako kideok inauterietako Zaldunita egunean Diana egiteari ekin genionetik. 08:00etan hasten da, eta bi ordu inguruz Alde Zaharreko kale eta plaza guztiak zeharkatzen ditugu, doinu berdina joz, ehunka edo milaka tolosar aurretik eta atzetik saltoka eta kantuan ditugula. Urteren batean, 10:00ak baino beranduago amaitzera ere iritsi izan gara, baita kantuari ehun itzuli ematera ere. Kontua da geroz eta herritar gehiago animatzen dela parte hartzera, eta musika bandako kideon iritziz eragin handia du horrek. Zenbait unetan erritmoa geldotzen du eta aurrera egitea eragozten digu.

Bi arrazoi nagusi daude. Batetik, bandaren aurretik jartzen den multzoaren jokabidea. Diana kantuak hiru zati ditu, eta hirugarrenean («jeiki, jeiki, ohi hortatik gaur tolosarrak, inauteriak beti, alaitzen gaitu guztiz...» dioenean), kalean aurreraka joan ordez, azken urteetan atzeraka joateko ohitura hartu dute zenbait herritarrek. Badirudi horrek ez duela eraginik bandaren aurretik saltoka doan herritar multzoko lehen lerroen artean. Beraiek ez dute arazorik izaten, baina beraien atzetik doazen askok bandak aurreraka egiten duen indarraren ondorioz, bultzakadak jasotzen dituzte. Aurrekoek atzeraka egiten dute, bandakoek aurreraka, eta azkenean, tartean daudenek sufritzen dute gehien.

Bada beste faktore bat jende pilaketekin zerikusia duena. Bandaren atzeko multzoko azken lerroetan doazen herritar askok ez dute bandaren musika behar bezala entzuten, eta ondorioz, aurreko multzora joaten dira, eta hor, geroz eta ilara gehiago sortzen dira.

Jakitun gara jendetza elkartzen dela kale estuetan, eta zenbait unetan zaila izaten dela bultzakadak saihestea. Hala ere, guk argi dugu: elkarri enbarazurik egiten ez badiogu, guztiontzat hobe. Zuek ondo pasatzea nahi baduzue, saiatu gu zaintzen. Honakoa da bandako kideon eskaera: ahal den neurrian, aurreraka joan behar da uneoro; nahi izanez gero, hiruzpalau itzuliz behin, hirugarren zatian atzeraka egin dezakezue, baina ez beti.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!