Tolosako Musika Banda, inauterietarako prest

Tolosako Musika Bandako kideok, inauterien inguruan, bost emanaldi nagusi burutuko ditugu. Tartean, Zaldunita egunean izan ohi den Dianarako, musikariei errespetua zor zaiela gogorarazi nahi dugu.

"Jeiki guztiak goiz kantaren soinuan..." Badatoz! Hemen dira aurtengo inauteriak! Tolosako Musika Bandarentzat egun bereziak inolaz ere, musikak herriko txoko guztiak betetzen baititu. Izan ere, posible izango al ziren inauteriak musikarik gabe? Gure ustez ez!
Inauteriak ofizialki hasi baino lehen, baditugu urtero bezala galdu ezin diren zenbait zita.

Lehena, otsailaren 17an izango da, 11:30ean, Txistulariekin batera, Iurramendi Egoitzara gerturatuko gara, inauterietako kantuak aitzaki jai giroa zabaltzera. Ondoren, otsailaren 24ean, tolosarrentzat kutsu berezia duen Inauteri kontzertua eskainiko dugu Berdura Plazan. Eguerdiko 12:15etan izango da, txistulari bandaren laguntzarekin. Beraz, ajea pasatzeko aitzaki bila bazabiltzate, aurreko gaueko kalderero jantziak txukun gorde eta inguratu berdura plazara!


Hura amaitu eta inauteri gogo biziz joan ohi gara etxera gerturatutako guztiak. Lasai egon, bizpahiru egunetan festak ez baitu etenik izango! Tolosako Musika Bandak, txarangek bezalaxe, baditu bereak diren bi une inauteri hauetan. Zaldunita bezperan, arratsaldeko 19:00etan, Tolosako Danborradarekin egingo dugu bat; ohartu dadila herria danbor hotsez gerturatu direla mozorroz eta musikaz betetako jai egunak!


Azkenik, Zaldunita egunean, goizeko 8:00etan, Tolosar askorentzat inauterietako ekitaldi nagusia bilakatu dena: Diana. Gorriti Plazatik abiatuta, alde zaharreko kale guztiak zeharkatuko ditugu, herritarrak ohetik umorez jaiki daitezen. Egia da, urteren batean ia 100 aldiz jotzera iritsi garela "Diana" pieza; musikariei zor zaien errespetua nagusi bada, 110 aldiz jotzeko gai izango gara; badakigu festa giroa denentzat beharrezkoa dela, horregatik, kontuan izan aurre eta atzera ibiltzerako garaian hauspoa astintzen arituko diren musikariak ere tartean izango direla!


Gure partetik besterik ez, hori izango da gure inauteritako eginkizuna. Txarangetan edo konpartsetan ikusiko gaituzue, instrumentuak gora eta behera, musika aitzaki Tolosako inauteriei zuku guztia atera nahian!


Ondo pasa!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!