Oihana Iguarani esleitu diote ikerketa kontratua

Erabiltzailearen aurpegia Mintzola 2019ko ekainaren 3a

Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerkuntza arloko errektoreordetzek esleitutako ikerketa kontratua lortu du amasarraren 'Bertsoaren Agenda. Setting-ak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina' proiektuak.

Ikerketa kontratua EHUn gauzatuko du Iguaranek; urtebeteko kontratua da esleitu zaiona, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin. Bertso bidezko diskurtsoak zein agenda duen deskribatzea da asmoa, prestakuntza edo entrenamendu unetik jendaurreko azken bat-bateko jardueraraino ikertuz. Txapelketa eta plaza irekiko jarduna behatuko da batetik, eta bestetik, bertsolari eta gai jartzaileen lanketa ezagutzeko inkestak eta sakoneko elkarrizketak baliatuko dira.

Bi proiektu sari esleitu dira

2.000 euroko bi proiektu sari ere esleitu ditugu Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak: Jon Gurrutxaga Urbietaren Nazio-identitatea, nazio-gatazka eta diskurtsoaren bilakaera Bertsolari Txapelketa Nagusian (2001-2017) lanarentzat izan da sarietako bat, eta Kepa Matxain Iztuetaren Ahozko hizkeraren balioa bertso kanonaren eraikuntzan: Xabier Amurizatik Maialen Lujanbiora (1980-2017) proiektuarentzat, bestea.

Gizarte aldaketek eta diskurtsoen bilakaerek bertsoetan nolako eragina izan duten aztertuko du Gurrutxagak; bereziki, nazio identitatea eta gatazka aintzat hartuta. Bestalde, nazio gatazkaren inguruko bertsoetan genero diskurtsoak zer nolako eraldaketa izan duen aztertuko du. Matxainek bertso kanonaren eraikuntzan ahozko hizkerarekin lotutako baliabideen pisua zein den ikertu nahi du, eta horretarako, bertso zehatzei baino gehiago erreparatu nahi dio bertsoek edukitako harrerari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!