«Susmoa dut, bertsio ofiziala osatu eta erantzuteko joera dugula»

Mintzola, Mikel Laboa Katedra eta EHUko Euskara eta Ikerkuntza errektoreordetzen eskutik, hedabideek markatzen duten gaurkotasunak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina ikertuko du hurrengo urteetan.

Ikerketa proiektua eskuratu ondoren, lanari ekingo dio orain, Oihana Iguaranek (Amasa, 1991): ikerketaren oinarri teorikoak jarri, tresnak garatu eta lagina aztertu ahal izateko irizpideak zehaztuko ditu lehenik. Bertsoaren Agenda. Agenda settingak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina proiektuak, «plangintza luzea du eta ikerketa mardula da».

'Agenda setting'-a aipatzen duzu. Zer da teoria hori?

Komunikazio arloko agenda setting teoriak dio, hedabideek badutela gaitasun bat, zertaz pentsatu behar dugun esateko. Hedabide guztiak hasten badira esaten Obama txintxoa dela eta azalak eskaintzen hasten bazaizkio bere politikari, bukatuko dugu hemen AEBren politikaz hizketan. Alde edo kontra hitz egingo dugu, baina gure agendan sartuko da. Ikerketan ikusi nahi dut, protagonismoa duten gai horiek, ea bertsolaritzan berdinak ote diren. Nire abiapuntuko susmoa da, berdinak izanik ere, beste ikuspuntu batetik begiratzen zaiela hedabideetan asko azaltzen diren gaiei. Beste ertz batzuk bilatzen zaizkiela.

Aurre lanketa bat eginda duzu dagoeneko. 

Doktoretza egin ahal izateko masterra egin berri dut eta nire ikerketa bideratzeko aprobetxatu dut, gaia lantzen joateko eta oinarri batzuk jartzeko. Formazio bat izan da niretzako, orain arte ez naizelako ikerketan aritu. Master amaierako lanean zortzi bertsolariri sakoneko elkarrizketak egin nizkien, uste nuelako hortik aterako nituela pista inportante batzuk, adibidez, hedabide erreferentzia batzuk jasotzeko. Lagin azkar bat egitearren, hartu nituen azkeneko txapelketa nagusiko zortzi finalistak eta haiekin egin ditut elkarrizketa sakonak. Oso interesgarria izan da.

Zein lagin erabiliko duzu?

Txapelketa da masa komunikazioa gehien gerturatzen den egoera. Bertsolaria mikrofono aurrean jartzen den okasioa da, audientzia handi eta anitz bati zuzentzen zaio eta oihartzun mediatiko handia du. Txapelketak, beraz, baldintza asko betetzen ditu. Ikusi nahi dut, plaza hori nola erabiltzen duen bertsolaritzak: zein gai plazaratzen dituen eta zein ahalegin egiten duten bertsolariek gai batzuk azaleratzeko. 2017an ospatuko den Txapelketa Nagusia eta ondorengo urteko 2018ko plaza libreko saioak aztertuko ditut. Nahi dut ikusi gaurkotasun hori zehazki zer den, guk geure gaurkotasun propioa ote daukagun. Medioek erabiltzen dutenetik ezberdina ote den edo patroi berdinak segitu baina beste diskurtso bat egiten ote dugun.

Zein hedabide aztertuko dituzu ikerketarako? 

Ikerketa honek duen puntu zailena da. Euskal Herri osokoak, prentsa idatzia eta ikus-entzunezkoak hartuko ditut aintzat. Azkenean, salduenak hartu beharko ditut kontuan eta gero, bertsolariek askotan aipatzen dituzten eta geroz eta ohikoagoak diren sare sozialak.

Gaurkotasuna zeinek markatzen du plazan, gai jartzaileak?

Gai jartzaileen figura oso garrantzitsua da. Adibidez, txapelketari begira gaiak taldean prestatzen direnean erabaki egiten da, zer den gai eta zer ez. Erabakitzen da, zein formulazio izango duten gai horiek, zein tonu emango zaien. Gai jartzaileak badauka posizio hori gaurkotasuna markatzeko momentuan, indar handikoa.

Bertsolariak ere bai?

Kontuan hartu behar dugu, libreko saioak ere badaudela, non bertsolariak erabakitzen duen gutxi gehiago, zertaz hitz egin. Horrekin batera gai irekietan bertsolariak hautatzen du zerri buruz kantatu. Txapelketan ere, esaten badizute 'kezkatuta zaude' zuk erabaki behar duzu zein kezkaren inguruan hitz egin, zer den zuretzako kezka edo gizarteari zein mezu eman nahi diozun. Bertsolariek lanketa polita egiten dute hor, ulertzen dute funtzio sozial bat ere badutela, artistikoaz gainera. Zeri ematen zaion ahotsa eta zeri ez, azken batean, erabaki pertsonal bat da.

Nola janzten da bertsolari bat, gaurkotasunezko gaiekin?

Zaila da erantzuten. Ez dago metodologia zehatzik. Bertsolari bakoitzak garatu du berea, propioa. Gehienek komentatu didatena da, bizitzeko jarrera bat dela. Enpatia ariketa horrek, bertsolaritzak berezkoa duenak, laguntzen dizu kezka horiek garatzen. Interes pertsonal horietatik abiatzen da bertsolaria, eta normalean inporta zaio inguruan gertatzen dena. Hala ere, ez dut uste oso era kontzientean egiten duenik. Ni, pertsonalki, saiatzen naiz nire intereseko gaietan, ahalik eta iturri gehienetatik edaten eta nire diskurtso propioa garatzen. Alegia, horren inguruan zer esan nahiko nukeen erabakitzen.

Eta askotan, gaiaz gutxi edo ezer jakin gabe kantatu beharko du bertsolariak.

Bai, behartuta dago erantzun bat ematera. Zerbait esan behar du, derrigor. Hor garatu behar ditu bertsolariak errekurtso batzuk. Eta hori da interesgarria, gaia bera heldulekua baita bertsolariak esan nahi duena esateko.

Badira gai jakin batzuk, bertsogintzan presentzia nabarmena dutenak?

Gu hiztun komunitate txiki batetik ari gara bertsotan. Segur asko gaien ehuneko oso handi bat euskarak berak okupatzen du. Bertsolariekin izan ditudan elkarrizketetan jaso dudan ideietako bat izan da, gu komunitate gutxitu bat garen heinean, gure posizioagatik, oso erraz enpatizatzen dugula beste zapaldutako herriekin edo beste kausa batzuekin. Medio ofizialetan ahotsa ematen ez zaien gai asko, oso presente daudela bertsogintzan. Beste errealitateek sentsibilitate hori, gure hizkuntzak eta testuinguruak ematen digula esango nuke. Jaso dudan ideietako bat da eta konprobatu nahi nuke. Bertsio hori osatzea edo erantzutea joera bat dela uste dut eta ikusi nahi nuke, hori hizkuntza gutxituen balore den eta nazioarteko beste inprobisazioetan ere gertatzen ote den. Egonaldi txiki bat egin nahi nuke nazioartean, horrela gertatzen den ikertzeko.

Zu zeu ere bertsolaria zara. Nola kudeatuko duzu zeure lana ikerketa gai izatea?

Zalantza dezente izan nuen, ikerketarako kalterako izan ote zitekeen ni parte hartzailea izatea. Adituei eta ikerketan eskarmentua dutenei galdetu nien eta alderantziz iruditzen zaiela erantzun zidaten, aberasgarriagoa dela nik barrutik kontatu dezakedana. Argi dagoena da nire bertsoaldiak ez direla laginean sartuko. Uste dut zintzoagoa dela horiek kanpoan uztea eta besteek egiten duten lana ikertzea.

 

BERTSOLARITZA IKERGAI, GAUR, SUBIJANA ETXEAN

Oihana Iguaranekin batera, Mintzolak banatzen duen beste ikerketa-proiektua eskuratu duen Eñaut Agirrek emango ditu gaur azalpenak, 18:30ean Villabonako Subijana etxean. Bertsolarien bat-bateko jardunean ahozko hizkeraren ezaugarriak aztertuko ditu.

Bi hauekin batera, duela laur urte kontratua esleitu zitzaion Miren Artetxe ariko da hitzaldia eskaintzen eta bere ikerketaren nondik norakoak azalduko ditu. Mikel Laboa katedrari esker, bertsolaritzaren prosodiaz egingo duen ikerketa ere azalduko du Ainhoa Aizpuruak.

Behin hizketaldiak amaituta, Eñaut Agirrek eta Imanol Kamiok bertso zaharren emanaldia eskainiko dute eta librean ariko dira, ikerlari izateaz gainera, bertsolari ere badiren Oihana Iguaran eta Miren Artetxe.

Sarrera irekia eta doakoa izango da. Gaur, 18:30ean, Subijanan.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!