Izan dut gehiago ezin jarraitu ahal izatearen zertarakoa. Goizeko seietan ohetik jaiki eta munduari ezkerreko hankez ostiko bat jaurtitzen diodanean. Dutxaren ondorengo kafeak ere erlaxatzen ez nauenean, gaueroko zortzi ordu derrigortuak egin eta hurrengo egunean nekez jaiki naizenetan.
Tamalez ni ere harrapatu naute urte hauetan guztietan, arratsaldean lanetik atera eta aire intoxikatua arnastean, begiak bestelako edertasunetan erortzean, sinplearen ez-ohikotasunak itsutzen nautenean. Orduan ere alde egiten dut errealitatetik, ahazten dut goizeko ezinegon hura. Bizitza bizitzen saiatzen naiz, nire ondokoa zoriontsu ikusi eta, zer arraio,” ni ere zoriontsua beharko naiz izan ba!” pentsatzen dudanean. Orain arte ez diot galdetu benetan nire ondokoari zoriontsua den ala ez.
Ez baikara ohartzen, ni bezainbesteko hamar aurkitu ditzakedala, gauez zigarroa ahoan darabilkidala paseatzen dudan kale berdinean. Enpatia hori ere sustraitik erauzi digute. Nirekin batera, makina moduan ordenagailu aurrean zortzi ordu igarotzen dituen kidearekiko irudi hori daukat, makinarena. Noski jartzen diodala aurpegia, izena, izaera, izana. Baina ez dut benetan bere zergatia inoiz jakin, bera ere horrela sentitu ohi den galdetu, esplotatua, mespretxatua. Ez diot galdetu ni bezala klase kontzientziarik ba al duen, borreroarekiko nire adina gorroto sumatu duen, lantegiari sua ematearekin amestu duen noizbait.
Munduari ezkerreko hankarekin ostiko bat jotzean, hamarren indarra bakarrenarena baina handiagoa baita.