Umeak besterik ez direla esaten dugu defentsa-arma modura, "ez zekiten zer ari ziren egiten". Helmugara iristeko albo-kalteak itsutzen gaituzte eta kolpearen ondorengo hortzak biltzen igarotzen dugu denbora gehien. Ez dakigu lurretik duintasunez altxatzen.
Herri honen erruduntasunak pisu gehiegi eragiten digu oraindik, zigortua izatea nahi dugula ematen du, bestela ez baita existitzen. Ez dizkiogu guk jartzen oinarriak, mugak. Jasaten dituen kolpeez neurtzen dugu herri honen zapalkuntza. Bada zapalkuntzak bere hortan darrai, Altsasukoak atxilotu zituzten egunaren aurretik, Oreretakoak atxilotu zituzten egunaren aurretik, Tolosan jasan ditugun errepresio kasuen aurretik eta ondoren, jarraitzen du.
Errepresioa ez baita soilik iraultzaileen atxiloketetan ematen, errepresaliatuak gara, egunero, herri bezala, klase bezala. Errepresioa klase zapalkuntza jarraia baita. Eta errepresioa salatzeko jotzen da biolentziara, baketik, gelditzetik, isiltasunetik libratzen gaituelako, hitz egitera bultzatzen gaituelako, borroka dagoen bitartean bizirik sentitzen gara.
Zerbaitengatik eta zerbaitetarako borrokatzen dugu, hasiera eta amaiera teorizatuz, albo-kalteak ulertuz, ondorioak onartuz. Irauli dezagun beraz borrokaren babes egoera hori, irauli gaitezen, iraultzaileak izateko, iraultzan sinesteko.
Uxue Alberdik ondo narratzen gaitu JenisJoplin liburuan: "Biolentzia niretzat ez da zerbait arrotza eta arbuiagarria, komunikatzeko modu bat gehiago da. Hor dagoen zerbait: gugan, gurekin. Ez zait mespretxuraino nazkagarria iruditzen. Ulertu egiten dudala esango nuke. Okerragoa deritzet gutxiespenari, erdeinuari, arbuio isilari".