Pasahitza (zaharra)

Kateak III

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Romero 2018ko apirilaren 23a

Kateak norberarenak dira, baita guztionak ere. Norbanakoz josten garela sentitzen dugu gehienetan, munduan bakarrik gaudela ohartzean. Erlatibismoz janzten gara, bakoitzaren buruhauste albo-identifikagarriez, lori alienagarriez; eta beldurra ematen digu orokortasunak. Beldurrei jabea jartzen diegu, ukaitza, geure egiten ditugu: "dena guztia bada, nor naiz ni, zerk definitzen nau?"

Lehia indibidualaren xedeak bere hortan geratzen dira, bakoitzaren jomugan. Barne guduak izaten dira horiek, kanpokoak ere izan daitezkeela ohartzen ez garen bitartean. Bakoitzaren bidea egundokoa dela sinestarazten digute, bakoitzak berea, bere dohatsutasuna, poza, erdiespenak eta helmugak. Zurea lortu gurearen ordez. Izan ere, “Geure” hitzak mina ematen digu, balio ez duenaren premisaz janzten dugu.

Baina eskuburdinak ezin dira banaka hautsi bidean gehiago sortu gabe. Izan ere, zureak haustean beste bati ezarri dizkiozu ohartu gabe. Ondorioz, kolektiboa ala ezer ez, geurea ala inorena. Hori alde batera uztean askatasunaren itxaropen faltsuan erori gaitezke, murgildu. Denbora borrokatzen dugu, kontrakorrontez, berak gu borrokatzen gaituen bitartean. Ezintasunen aurrean begiak estaltzen ditugu, denaren jabe, denaren gai garela errepikatuz, kontrola dugula sinetsaraziz, norbanako indartsuak eta gizarte ahula osatuz.

Bildurrak ez dira aparteko zerbait, bakoitzak era batean ala bestean senti eta eduki ditzazke, baina makina berdinean dute jatorria. Boterea sortzeko bide bakarra kolektiboaren kateak ezagutzea da, zeureak, zure ondokoarenak, harenak eta bestearenak. Antzekotasunak bilatu, elkar entzun, ulertu. Muga berdintsuak dituzuela konturatu zaitezke pixkanaka eta hamarren indarrak bakarrarenak baina grina handiagoa duela ohartu. Botere kolektiboarekin makinak ez du egundoko indarra, izan ere, kateak banaka jartzea baina zailagoa da ehunka helduko dituen segida bat osatzea. Gizarte segregazionalaren erroa hautsita, ez dago albo-katerik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!