Pasahitza (zaharra)

Kateak 1

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Romero 2018ko martxoaren 12a
Kateez ari garenean, kontra-indarrez ari gara. Egunerokotasunean aurrera egiten uzten ez dizuten botereez. Denok ditugu kateak, denok jasaten ditugu, batzuetan guk geure buruari ere jartzen dizkiogu, besteetan aldiz jartzen dizkigute. Kate hauek arima ezberdinak dituzte, emozionalak, psikologikoak, fisikoak… Baina batzuetan kate batek guzti hauek barnebiltzen ditu eta gatibu gaude.
Bada bizitzan atzera bueltarik ez duen momentu bat, kateez ohartzen garen unea. Hara eta hona ibiltzean, tiratzean, indarra egitean, mugitzean somatzen ditugu kateak, jada ez zaizkigu ikusezinak eta identifika genitzazke. Momentu intimo bezain soziala da eta geure egiten dugu. 
 
Kateen ibilbidea jarraitzen hasten gara, nondik datorren jakiteko; zentimetroka aztertzen dugu, arrastoa galdu gabe, helmugara eraman gaitzan. Eta bapatean, topatzen dugu. Segunduro milioika burnizko kate sortzeaz arduratzen den makina, ikusgarria, erraldoia, beldurgarria. Sistema konplexu zein antolatua, gure bizitza kateatzen duena, gidatzen duena.
 
Une horretan bi aukera ditugu, bidean buelta hartu, ikusitakoa ahaztu eta kateak onartu, zoriontasun mugatua desira bihurtu. Baina bada beste aukera bat ere, makinari hortzak erakustea, beldurra galtzea, askatasuna eta kateak suntsitzea desiratzea. Gure kateak hausten hasten gara, gure eskuak libratu mailua heltzeko, gure hankak askatu korri egiteko, baina makinaren oinazpian aurkitzen garenean, gure indarra nahiko ez dela ohartzen gara.
 
Orduan buelta egiten dugu, ez gara ahazten jomugaz, baina bi pauso atzera egin behar ditugu, hiru aurrera egiteko.
 
Itzuliko gara...

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!