Ingurura bideratzen dituzte begiradak, udazkenak berarekin dakarren adar-erantziak onartu gabe, euren oroitzapenen antzera lurrean pilatzen diren hostoak banaka jasotzen ahalegintzen dira, nekatu arte, soil hezetuan laprast egiten duten arte. Azkenean ohartzen dira faltan botatzen zituzten sentimen berberak erortzen direla lurrera eta euren gorputzetatik idoki zituztela hamar urtaro atzerago. Ondorioz behin betiko uzten ditu atzean, sentimena lotzen zuen adar-txikia birrinduz, baina sustraiak atera gabe.
Lotura hauek ez dute estankatzeko aukerarik, eskuetatik alde egiten dute, besoen indarra berrasmatuz eta hauen izaera birmoldatuz. Ezin dituzu eutsi, aurrera joateko pausuak atzerakoak baina indartsuagoak baitira, hala ere, batzuetan itzultzeko goma dute eta tiraka apur litekeen bezala bueltatu ahal dira izugarrizko abiaduran, distantziak markatu beharrean errealitatearekin parez pare joz. Orduan egiten dute beraien buruaz beste, gaurkotasuna bizitzerakoan. Denbora igarotzea gorroto dute, une berean aurkitu nahi baitituzte beti aldaketak, kanbiatzen doazela ohartzea dute beharrezko. Beste modu batera itotzen dira, egunerokotasunarekin. Eta ihes egiten dute, zugandik, hemendik.
Azkenean urtaroak kontatzeari uzten diozu, bizitza bere horretan gozatuz. Denbora ahazten duena ez baita itotzen, ez ditu harremanak atzean uzten, iragana gaurkotasuna baita etorkizunaren begietan. Guzti horrek askatzen zaitu, lotura bakarra zurea eta zure gorputzarena dela konturatzen zarenean. Eta beste guztia azala ferekatzen dizun laztan finena bezala sentitzen duzu, hasiera eta amaiera konkreturik ez duen laztana, betirako izango dena, betierekotasuna ulertzen ez duzun arren, beti ere zurekin egongo dena.