Pasahitza (zaharra)

Denbora

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Romero 2017ko urriaren 9a

Oraindik ez da sasoia begiak irekitzeko. Orpo puntek egurraren leuntasuna eta pisuaren kirrizka entzun behar dute, martxan da ibiltzen laguntzen dizun makina, segunduen kronometroa. Teilatupean argiak piztu dira eta atzera kontua markatu duzu, 16:00:00”.

Gainontzeko gizabanakoekin egin duzu topo, begi sartuak harrotu, esklabuen arteko begirada sopikuna. Ordua begiratu duzu, 14:30:36”, juxtu zabiltza. Eraikinak ez du ostadarra gaurkoan, astelehenean kolore bakartu zuten antza. 

Espazioa eta denbora aldatu dira berriro, oraindik eta bahituago, minutuen osagaiak aldatu dituzte beste behin, 89 segundu. Zurubiak igo 14:28:30”. Zure burua ostiralean hasi da amesten, gurdibide berdinak dira, baina loreztatu egiten dituzte hiru egunez. Minutuak aldatzen dituzte normalean, 46 segundu, azkartasuna eta alienazioa, distrazio eta dibertimendua, milarenik ez hausnartzeko.

Zurubiak jaisteko garaia, 06:09:12”. Kanpoan zara berriz, zerura begiratu, euri-tantak bisaiean, ez dizu axola. Elizari egin diozu so, 6:08:23”, autobusa dator lau minutuetan. Dardara egin dizu poltsikoak, 05:57:01”. Bankuaren mezua, 2017-10-03: (410 eurorengatik saldu duzu denbora hilabete honetan). “Aurrekoan baina gutxiago” pentsatu duzu. Hozkailua ere bete beharko zenuke, 05:10:42”.

Etxera bideko espaloia automatikoa da azkenaldian, lurrera begiratzea behartzen zaitu. Errekaren ur-jarioa deigarria egin zaizu gaur ordea, arrankaria uretik behera doa igeri, “baina soilik arrain hilek jarraitzen dute korrontea, arraroa” pentsatu duzu.

Pantaila aurrean zara, gaueko lez, 01:25:58”. Denborarik ez osoa ikusteko, berdin dio, badakizu bukaera. 00:02:11”, “oraindik ez da sasoia begiak ixteko” kexatu zara. Baina denborak badu hasiera eta amaiera, ez du zentzurik, ez duzu zuk erabaki eta ezin duzu ezer egin hau aldatzeko, berriz ere gezurretan. 

16:00:00”, oraindik ez da sasoia begiak irekitzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!