Pasahitza (zaharra)

'Zeinek azalduko digu obsesio honen funtsa?'

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ozaita 2019ko otsailaren 14a

Otsaileko lehenengo asteburua. Larunbata. Goizeko zazpiak. Laguna eta biok elkartu, eta bidaia abiatu aurretik, elkarrekin gosaldu dugu. Etzegarate pasa bezain laster, elurra inguruan. Ezkerreko erraila zuritu da. Hau marka! Lau ordu egin behar ote ditugu horrela?

Iritsi gara helmugako herrira. Garaiz ibili gara errepidea ez baitzegoen presaka ibiltzeko. Denbora egin beharko dugu 13:00etan baitugu hitzordua.
Iritsi gara kartzela atarira. Argazkiak eta hatz markak kontrol gunean. Paketea sartu. Itxaron. Lagunaren kide katalana bisitatzekoak omen dira. Segituan topatu ditugu, bat bateko konplizitatea sortu da. Uztaitik pasarazi gaituzte. Berriz, oraingoan gerrikoa kenduta. Sartu gara arrainontzira txikira. Laguna azaldu da kristalaren bestaldera. Ezin besarkatu baina irribarreek laguntasuna goresten dute. Interfonoa ez dabil. Kexatu eta aktibatu dute. Hasi dugu hizketaldia. Bizitza berbagai. Amaitu da hizketaldia. 40 minutu.
Katalanekin batera bazkaldu dugu herriguneko tabernan. Elurra ari du. Madrilen sustengu sarea dute eta bertan lo egingo dute. Eguraldia ez dago brometarako, gonbidatu gaituzte. Gaur ezagutu gara. Etxerako bidea hartzea erabaki dugu zortea edukiko dugulakoan. Beste lau orduko bidea. Gaua eginda iritsi gara etxera.
800 km osotara. 12 ordu. 100 euroko gastua. Zortea izan dugu, dena den. Euskal preso politikoak bisitatu dituzten lagun eta senideen bi auto istripu izan dira otsaileko lehenengo asteburu honetan.
Zeinek azalduko digu obsesio honen funtsa? Zeinek zentzugabekeria honen erro galdua?

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!