Analisia

Lau egunez hamaikatxo goxoki

Erabiltzailearen aurpegia Migel Zeberio

Igande goizez sariketa saioan festa osoaren laburpena dastatu eta hitzok idazterakoan oihartzun eta kolore festak dantzan diraute nire buruan. 

Jaialdian zehar bizigarri izan da ikusi eta entzutea kultura desberdinek oraindik erakusgarri duten aniztasun eta aberastasuna, mundu globalizatu eta geroz eta arruntago honetan; ñabardurek lortzen eta eskaintzen dute oraindik amesteko aukera, bereziki erritmika eta eskala ugaritasunak aberasten du esparrua, nahiz eta jada instrumentuen afinazio estandarrak ia guztiz bateratu duen eta pobretu noizbait izan den aukera hori.

Oro har eta abesbatza guztien jardunean nabarmentzen da zenbateraino bat datorren zuzendariaren lemazaintzarako modua eta jarrera entzundakoarekiko. Batzuek eskua metronomo bihurtua dute ia, ahaltsu eta jakintsuenek behin tempoak zehaztu ondoren keinua kantuaren barne joskerak eraiki eta itxuraldatzeko erabiltzen dituzte, eskultoreak zizela bezala. Ez da baldintza bakarra noski eta baliabideak, egiturazko edo ekonomikoak, ere eskura izatea txarra ez proiektuen aurrera biderako. 

Umeen abesbatzen sailean harrigarria Granadako Alhambra taldeak lorturikoa; estatuko herri xume batean, berealdiko maila bikaina lortu izanak ez du ba meritu makala! Ezin konpara inguruan lehian izan dituztenekin: operakoa bata, irrati nazionalekoa bestea eta abar. Baina, hauek ez dira txantxetan ibili. Musikalitate eta fintasun handiz eta bereziki euskal musikagileen obrekin zeinen aske eta fresko azaldu zaizkigun.

Lau taldeek behartua izan duten David Azurzak ondutako Katalintxu doinu herrikoiak joko ederra eman die guztiei: jolaskor, swing erritmoz oso aproposa izan zaiela esango nuke; granadarrek interpretazio bikaina eta jostalaria eman diote eta Txekiarrena elegantziaz betea izan da, kantuan eta antzerkian.

Kajetán haurren opera koruak (Txekia) alaitasunezko jarioa izan du une oro, sinkronizazio perfektua, tren lokomotor geldiezinaren erritmoan batetik eta antzerki eta mugimendu oso landuarekin bestetik. Bazirudien partituren alde teknikoa ahaztutako etapa bateko lana zela, eta artea sortzea baino ez dutela helburu. Teknikoki, zailtasunezko lanak egiterakoan pareko leudeke Saint Angela Indonesiakoak, baina soinu tresna ez zait hain orekatu eta malgua iruditu.

Entzuleen eta epaiaren artean iritzi aniztasunik ere izan dugu. Irizpideak izan daitezke desberdinak eta horrela gertatu da. 

Liublianako (Eslovenia) unibertsitateko koruak, bere zuzendari Rahela Duric gaztearen bitartez, modu errazean komunikatu dio entzuleari: hunkidura, trebezia eta jakinduria. Bere keinu zehatz eta goxoarekin parean duen soinu tresnari emozioa eta zirrara zukutzeko gaitasuna eta intentzioa erakutsi ditu eta bide batez gehiengoaren onespena jaso, ikuslegoak saritu baitu. Erresuma Batuko The Epiphoniren jarduna berriz, zertxobait urrunagokoa gerta dakioke publikoari, bereziki polifonian, baina maisutasuna, interpretazioa eta ahots baliabideen teknikaren erabilera guztiz zorrotza menperatzen dute. Tim Reader maisuak ez du alferrikako mugimendurik eta keinurik behar parean dituen artistak gobernatzeko, garaian garaiko estiloei dagozkien berezitasunak nabarmentzeko. Arinkeriarik gabeko sorta hautatu dute, eta bitxikeriak nabarmentze aldera, Javier Bello Porturen Amodiozko Kantaren hauskortasun ederra azpimarratu daiteke, nolatan kanpai hotsak imitatuz akonpainamendu arinarekin lor daitekeen lo kanta kuttunena; edo Blake Morganen Shall we gather at the river mailako obraren bidez oholtzaren luze zabala plano ugariz josi. Eremu tinbriko eta dinamiko aberats oso zabala menperatzen dute eta argi erabili, sokak, batzuek eta besteak elkarrizketan elkar ez zapaltzeko eta garrantzia duten garaian garaiko planoei nagusitasuna emateko.

Sarituen artean ere aipatzekoak Indonesiako Vox Angelica eta Letoniako Juventus, biak ala biak gaztez osatuak. Lehen aipaturiko talde garaileak baino pauso bat azpitik esango nuke orokortasunari bagagozkio. Indonesiarrak kulturalki gertuen duten errepertorioan eta amerikarrean oparoago murgiltzen dira: dantza koreografiko ikusgarriak edo perkusioz lagundutako erritmoak ongi  baino hobeto barneratuak dituzte, eta euskal kantutegi herrikoiaren goxotasuna sentiarazten dute; polifonia klasikoaren tradizio europarra urrunagokoa dute. 

Letoniarrek nazioko unibertsitatearen erakusleiho dute Juventus. Erraz gainditzen dituzte zailtasun handiko lanak eta gai dira hauek eman ditzaketen efektu eta erritmo konbinazio ederrei txinpartak ateratzeko.

Gure aurrean hustu eta trebatu diren gainontzeko koruei aitortza eta eskertza, jarrera eta intentzio emankorrez azaldu baitira guzti-guztiak. Guk, bitartean, oholtzara ateratzeko aukera eskaintzen zaigunean, ikusi eta ikasitakoaz hobetzen jarraitzeko saiakera egingo dugu.

                                                                        Migel Zeberio (koru eta orkestra zuzendaria)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!