35. Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusia eta 56. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Gure ametsetarako doinuak

Erabiltzailearen aurpegia Migel Zeberio 2025eko azaroaren 3a

Delaware Choral Scholars koru irabazlea, igandeko sari emate ekitaldian. Ura Iturralde

Musika xorta kolore askotarikoa eskaini digute aurten ere Tolosako Abesbatza Lehiaketan. Bakoitzak bere jatorritik eta kultur ikuskeratik, exijentziaren oztopo eta bihurguneak gainditu, eta ustez eta aukeran otu zaien kanta, doinu, kantaera eta sentimenduak jarri dizkigute gustagarrirako. Kantari gehientsuenak gazteak, ahotsa ere giharra izanik, kirolariak bailiran, ume-umetatik jakindurian heziak. Egokiera hau Euskal Herrian serioski garatzea eta estimatzeko egiturarik noiz sendotuko zain dago gure kultur immaterialaren ondarea! Ez dezagun gehiago ahanzturan utzi gure senaren parte garrantzitsu izan duguna.

Saio eta ekimen bakoitza, bakana eta errepikaezina daramagu oroimenean aurtengo lehiaketatik, kantariek eta zuzendariek berriz publikoaren berotasun baldintzarik gabea. Teknikoki eta azken urteetako joerari erreparatuz, nabaritu da kalitatearen beititze arina.

Jarraian entzundakotik apuntetxo batzuk:

Saririk jaso ez, baina atentzioa eman didan taldea da Letoniako Anima Solla. Arras desberdinezko teknikaz aurkeztutako sei emazte ahots, soinu tresna partikularraren portaeran, ensanble anitza. Musika sentitzeko eta zeharkatzeko patxada eta arnasketa lasaia, baina beharbada agudo muturrekoetan tentsiozko zorroztasunagatik gora jotzeko arriskuan ibiliak. Disonantzia zailetatik kontsonantzian lur hartzeko erraztasuna, eta baita garaiaren arauera maneraz aldatzeko gaitasunak jorratu dituzte, interesgarri iruditu zaizkit. Elizatik aretorako aldaketan umezurtz sentitu dira, oihartzunaren babesik ezean. 

Ganbara taldeen artean, entzuleak bereziki Alemaniako Sonat Vox estimatu du. Urteetako heziketa landua duten kantore gazteek neurri bereko zuzendaria dute, Justus Merkelek egitarau erakargarria batu eta karrankarik gabe, pianissimoei zukua ateraz, isiltasun tarteak sortuz, emandakoaz publikoaren barrunbeetara iristea lortu du.

Bi suediar talde ere izan dira ganbara taldeen artean garaienean. Kantatzeko fintasuna aipatuko nuke. Svanholm kantari gizonezkoek herri musika kantaera eta suediar folklore landuko doinu, itxuraz xinpleekin jolasteko jakinduria darie. Aldiz, aukeratu duten Rachmaninoven Bezperak nahiago nituzke beste trataeran entzun tenore eta baxu tinbratuagoekin. Bigarren taldea En Kor, dozena bat gizon-emakumez osatutako talde honen bertute askotarik bat aipatzekotan, soinuaren kalitatea eta armoniko aberastasuna, monodian aritzetik hamabi ahots desberdinetara igarotzeko arazorik ez, egitarau sakroan koska bat beherago gertatu ziren, Leidorren suspertu eta intimismotik ozenagora edo erritmo kutsura eta tartean isilune esankor bezain zailak lortu zituzten.

Ganbera abesbatzetan Alemaniako Detmold unibertsitateko koruaren bitxikeriak: bereziki enkargatutako Txorietan Buruzagi kanta zuberotarraren moldaketa goxoa eta Shaw konpositorearen Allemande obra, errezitatu erritmikoak konbinatuz emandakoa.

Nabarmenena AEBetako Delaware Unibertsitate entzutetsuko korua (besteren artean bertatik pasatakoa Joe Biden presidentea). Aurrelan eraginkor eta bikaina burutu du Paul Head maisuak Tolosara heltzerako. Guztia du kontrolpean, eta makina ia bakarrik doa aitzina. Kopetaldeko tinbre gozozko inpostazioa sopranoetan eta gainontzeko taldekideen arteko oreka landuz, noski, Swing, espiritual eta arimari loturiko doinuak maisuki emateak ez gaitu harritu, baina pareko egiteko gaitasuna erakutsi digute Bustoren Ave Verumean edo J. Smithen Both sides nowean, piano eder eta kontraste handiko dinamika oparoekin. Beste taldeekin erraz alderatzeko Sorozabalen Arrosa Lilia kanta zoragarria adibiderako. Paperean iduriz, ez dakar zailtasun armoniko edo material berezirik, baina gehienei ez zaie xamurra egin. Armoniaren josturan, xumeak arruntak dirudite, baina horien guztien oihartzunak emateko lehenik ulertu beharra daude. Garai honetan, XX. hastapeneko euskal konpositoreek sortutako musiketan ia ikusezinak diren ñabardurak daude ezkutuan (neorromantikoak?), eta Head maisuak ederki identifikatu eta igorri dizkigu, inork ez bezala eta bakarlariari dagokion paperean hiru kantari jarri ditu emaitza borobiltze aldera.

Yumecan koru japoniarreko neska kuadrilla ugariak bestelako aire eta ahoskera ekarri dizkigu, bat-batean arrotza ere suertatu zait, baina ederki adierazi dute lanak aurrera zihoazen heinean europar autore klasikoak, eta hauen kontrapuntuak baino egokiagoak dituztela japoniarrenak edo folklore kutsukoak: Toyotaka Tsuchida konpositoreari dioten zaletasunak harritu gaitu, eman duten errepertorioaren erdia bere lumatik atera izan baita. Afinazio kontutan oso zehatz, horrelakorik balego? Pianoaren laguntzan aritutakoan eta oro har, honen afinazio tenperatuaren efektuaren inpresioa eman didate entzutera, berezia.

Aurreko asteburuan letoniarrak nagusitu baziren, oraingoan ere bertan izan dugu Balsis letoniar koru polita. Originaltasun punttua ere bai, hala nola Bustok idatzitako Ave Verum obraz hartutako lizentzia egokiekin, esaldiei dagozkien mikro tempo rubatoekin. Gesualdoren disonantzia ederrak ere argitasunez erabakitzerakoan trebe. Obra ederra benetan, E. Whitacreren, Leonardoren Hegaldirako Tramankuluaren Ametsaren historian murgildu gintuena tinbre dirdiratsu eta aberatsekin arriskatuz, zuzendariaren keinu zirikatzailearekin. Bereizgarritarikoa dirudi idazkera zaileko partiturak airoski lantzea Letoniako abesbatzentzat. Hauek ere oso gazteak, eta tarteka afinazioarekin labaindu ziren. Eta abar. Orain gure ametsetarako geldituko dira doinu horiek guztiak, eta espero parean izan ditugun artista handi horien memorian ere.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!