Suhar, leize zuloko piztia ederra

Erabiltzailearen aurpegia Migel Zeberio 2023ko aza. 6a, 11:57

Bost egunez jaso dugu Tolosan munduko hainbat tokitatik koru kantuaren hats emankorra: Asia eta Europako taldeen emaria jaso ondoren berriz ere nabarmen ikusi dugu mendebaldeko musika egiteko manera, munduan gehien hedatu eta inposatu denaz gain badirela beste kode anitzagoak eta guregandik urrun eta ulertzen zailak direnak ere: Txina, Japonia edo Filipinetakoak besteak beste eta honek baieztatzera garamatza ez dela dioten bezala musika lengoaia unibertsala.

Euskaldunok gurea mendebaldean garatutako ildoaren gainean garatua dugu, milaka urteetan herri eta kultura ugariren igarobide izan garenok jasotako oinordetza eta mailegu aberasgarriei esker eraikia. Nolakoa ote zen gure proto musika?: protoeuskaraz noski baina zein kode, eskala, erritmo, joskera...

Tolosan musikaren basoa parke botaniko bilakatu da, eta egin ditugun txango luzeko geldialdiek ekosistema batetik bestera eraman gaituzte eta azkenean ederrena euskaldunen txokoan topatu dugu. Suhar jaikitzen denean egundoko haizeteak eragiten dituela jakina da eta Santu Guztien Egunaren bezperan izandakoak horrela esplika daitezke, Esteban Urtzelaik Oñatiko leize zuloren batetik esnatu zuen indartsu, ufada bortitzak eraginez, baina, edertasun maiestatikoa ekarri zigun bikoteak. Aspalditik bide sendoa egiten ari den musikariak lortu du hiru belaunalditako eskarmentu handiko kantari euskaldunei ilusio hau berritzea. Taldekide gehientsuenek izan dute aurretik lehiaketa honekin lotura estua, asko izan baitira lehenago ere bertako oholtzan kantari edo zuzendari eta ongi egin nahiaren grina hori daramate beren DNAn.

Garaipena lortzeko eman beharrezko pausoak tentuz bete dituzte beren gaitasun trebeetatik abiatuta: tinbre aberats ederrez hornitutako taldea, beraren osaera ongi kalkulatua, obra aukeratze zuhurra zeina ongi menperatzeko gai izan eta okasioak eskatzen dituen garai eta estiloak aseko dituena eta noski, lanaren eskarmentua. Lanaren lagintxo batzuk aipatzearren; Berpizkundean oihartzun efektu sinesgarri eta jolaskorrak, Straussen melodia jariakor eta akonpainamendu tinkoak, Sarasolak Joxan Artzeren olerki ederrekin idatzi eta okasioan luma ederrenak luzitzeko Ipar Haize Hotz Zuria, Idoia Azurmendik idatzitako Itsasoa ari zait eta hunkigarritasunez iradokitako itsasoaren mar-marra, Sorgin dantzaren arima dinamikoa eta oro har kantuan aske aritzeko gaitasuna.

Alboan beste hamaika koru lehian eta ezin denak aipatu. Shangai Ostadarra gazteriaz hornitua eta Chengzi Jin zuzendariak neurri bikainean garatua, behar bada akats bilakatu zaio errepertorio aukeraketa, egindakoa sendoa baina erromantikoekin ahaztu eta zuzendariak sortutako hiru obra eskaini ditu, ederrak eta inpaktanteak bai baina, aniztasuna erakustea ere garrantzitsua da horrelako plazetan. Musika emari eta gaitasun bikaina, soinu tresna folklorikoak erakusten bakanak: PiPa eta danbor txinatarraren doinu bitxiak alegia. 

Finlandiako Somnium taldeak bibrazio atsegin asko igorri dizkidala esan behar dut; Amultsua talde giroa eta zuzendariaren arteko baturak erakutsia, askatasuna ematen die azken honek eta hori soinuan eta komunikazioan nabarmentzen da. Bertsio asko arin baina ongi josiak Elberdinen Izar ederra kasu, eta Rautavaara edo Mahler bezalako sortzaileen sormen preziatuak tartekatuz.

Japoniatik heldutako neska gazteez osatutako Iturri Garbiak Abesbatzak ekarri gaitu ekialdeko kultura urrunekora, Filipinetako gizon seikoteak egin bezala, esparru ezezagun eta erakargarriari leiho irekitik so jarri gaituzte. Mendebaldeko musiken larreetan gogor xamar suertatu zaizkit lehen ahotsak besteekiko baina zuzendariak ondo moldatzeko gaitasuna erakutsi du gertuagoko duten errepertorio horietan.

Ahots taldeei buruz aipatzekoa elizan egin dutela emanaldi erosoena eta musika profanorako Leidor antzokiaren handitasuna ez zaie jardunerako aldeko baldintza suertatu. Azpimarragarri Filipinetako gizon seikotearen ahots eta interpretatzeko gaitasun irmo eta biribila, baina ez makalagoa Erromako Gurekin neska gazteen taldetxoaren saioa: fin eta leuna, goxotasun eta espiritualtasun handiko lana, praktikotasunaren aldetik kontenituegia afinazioak eta lasai eusteko. Eta amaitzeko Britania Handiko Phoenix, College nagusietako tradizioaren adierazle, oso gazteak izanik antzinako musika eta konpositore britainiarrak jorratzeko duten dotorezia imitatzen zaila genuke. Arazotxo batzuk tartean izan badituzte ere elegante aritu dira musika garaikideari dagokion saltsetatik urrun xamar badaezpada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!