Zirrara dario kantaerari: soka bakoitzeko tinbre eta armoniko aberatsen betekada eta hauek mendean hartzeko malgutasuna eta jakinduria, arnasketaren erabilera nabari ezina, gaitasun guztiak elkarrekin uztartzeko maisutasuna. Horrenbeste baliabide eta ñabardura biltzeko gai den talderik entzuteak kasik beste galaxia bateko kontua dirudi. Tradizio bati lotua dioan azken arrastoak ote? Gurean ere kutsadura akustikoak espazioa jan ez zigun garaietan kantan egin ohi zen eta baziren ahots sendoak…
Esloveniako Stanislav emakume abesbatzak meritu eta dohain handiz lortu du bigarren postu bikoitza, F Zupancic zuzendariaren gerrialdetik darion indarra biderkatzen dute bere kantariek, orekatuak diren ahots guztietan tinbre atsegina baliatzen du esaldiak musikaltasunez gidatzeko eta josteko, oholtzan ikuste hutsak egiteko gai deirena iradokitzen du.
AEBtako Brigham Unibertsitateko abesbatza gustura hartzen ditugun ahalmen askoren jabe dugu; kantari gazteak, tinbre dirdiratsu bezain indartsuak, Andrew Crane zuzendariaren zehaztasuna eta keinuaren energia igortzeko eratik hasita, oholtza berdinean maiz izan dugun Gary Graden maisua zekarkidan oroimenera.
Talde Dublindarraz bere xamurtasuna azpimarratuko nuke eta gustuko dut berotasun hori perfekzioaz gain, beren neurriko egitarau oparo eta askotarikoa eta bi saioetan goranzko norabidean indartuz eraikia aldiz Letoniako Maska taldeak kontrako irudipena eragin zidan zuen kolore bitxia eta kontenitu antzerako soinuak zerbait gehiago emateko gai zitezkeelakoan.
Haurren sailean berriz sei talde aukera aukerakoak, helburu eta abiapuntu desberdinetatik sortu eta garatutakoak, kalitatezkoak denak eta partaideetan gehiengoan neskez osatuak.
Letoniako taldea gailendu da, musikalki helduena nire iritzian, Rigako Tiara, beren naziotasunean kantuak duen adierazgarri oparoa aldarrikatu zuten udaberriko txori kanten efektu liluragarriekin gailurrera iritsiz. Stockholmoarrek berriz perfekzioaz jardun zuten baina artea berotasun edo intimotasun gehiagoz jasotzea eskertuko genieke…
Beharbada giro aldetik gertuen ditudalako Katalunia eta Asturiasko taldeak nabarmenduko nituzke, jakin badakidalako ez dutela horrelako proiektuan aurrera egiteko bidea xamur, emaitza berriz txalotzekoa, biak hala biak espresibitate handikoak, naturalak, musikaren gozamenerako aproposak. Amics de la Unión-ekoek talderako mutilak ere lortu izana harrotzekoa, adierazpenean gorputzaren eta oro har askatasunari lehentasuna eskaini izanak beste esparru batzuetan errenta ordaindu arazten diete, afinazioan edo dinamiketan baina zein ederra ikuskizuna. León de Orokoen gaztetasuna harrigarria gaitasuna horren bikaina izanik, amaren sabeletik kantuan trebatuak behar dute izan! Elberdinen kantetan jo dute goia aipatu bi koruek, paperean ideia ondo islatua dagoen seinale izango da hori ziur.
Entzuleriaren jarrera gogotsua azpimarragarria izan da, nabari da bertaratzen denak gozamen eta festarako gogoz egiten duela eta balorean jartzen duela kantarien lana txalo zaparradak etengabeak baitira eta horrela aretoko tenperatura beroak are eta gehiago egiten du gora giroa auto elikatuz.
Talde guztiek lortu dute erakarpenik bateko edo besteko arrazoiak medio eta gehienetan espero gabeko harribitxiak eskaini dizkigutenean gertatu da horrela. Zenbat doinu berezi norberaren kulturaren nortasunari lotuak: hizkuntza, aire eta kolore ezohikoengatik eta horrela xamurra eta pizgarria egiten zaio ordu luzeaz antzokian izango den zaleari.