Xalbador maisua joan zaigu

Erabiltzailearen aurpegia Martxelo Otamendi 2018ko aza. 15a, 08:40

Xalbador Garmendia 1982an (argazkia: ARGIA artxiboa)

Bizi zinen bezala joan zara, Xalbador, zarata handirik atera gabe, ez zinelako sekula izan oso lehen lerroan ibilizalea; baina ez meritu eta arrazoi faltagatik, zure izaeragatik baino.

Ume kuttun bat utzi diguzu, 50 urte bete berri dituena: euskara batua. Alegia, euskara modernoa, noranahikoa, gizarte batek kultu izateko ezinbesteko duen lanabesa. Ideia hori bultzatzea arazotsua zen garai hartan hautu sendoa egin zenuen. Inoiz ikusi izan zintugun haserre tarteka batuaren eztabaida ostera, gero eta indar gutxiagorekin, azaleratzen zenean.

Komeni da gogoratzea azken mende honetan horren egunerokoa egin zaigun deklinabide taularen taxuketa zuri zor dizula euskara modernoak, beste ekarpen batzuen artean.

Frankismoak Aitzolek, Lizardik, Labaienek eta besteek osatutako katea hautsi zuen errepresioaren eta zigorraren bidez, baina zuk ez zenuen dudarik egin etendako kate horri falta zitzaion kate begia osatzen laguntzeko orduan. Konpromiso pertsonal handiarekin, arriskua bere gain hartu zuen belaunaldi bateko partaide, egin beharrekoa egin zenuten, atzetik zetozenei bidea erraztuz.

Hizkuntzaren zaintzan hartua zenuen prestigioak eraman zintuen Egin egunkariko euskara zuzentzaile izatera, eta, ondoren, egunkari bereko Egunon euskarazko gehigarriaren ardura hartzera. Testuak zuzentzen zeneukan zorroztasunaren parekoa zen kazetariari oharra ematen zenionean erabiltzen zenuen pedagogia.

Min handia hartu zenuen urte askotan zure bigarren etxea izan zen Egin-en itxierarekin, sutan jartzeraino. Beste horrenbeste sumindu zintuen Euskaldunon Egunkaria-renak.

Eskerrik asko, Xalbador, egindako lan bikainagatik, bide zuzena eta kultua erakusteagatik. Zorretan gaude zurekin, eta zor hori kitatzeko modu bakarra zuk horrenbeste amestu zenuen Euskal Herri euskalduna lortzea da.

Erlazionatuak

Xalbador Garmendia hil da

Jon Miranda Labaien 2018 aza 14 Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!