Lehenengo ikasketak Tolosako sakramentinoekin egin zituen Xalbador Garmendia Etxeberriak (Zaldibia, 1932 – Anoeta, 2018), eta ondoren Erromako Unibertsitatera joan zen Teologia ikastera. Handik itzultzean Maulen bizi izan zen eta leku ezberdinetan aritu zen lanean. Besteak beste, 1957an, Tolosako Udaberri dantza taldearen sorreran parte hartu zuen.
1960ko hamarkadan euskal antzerkia berritzearen alde egin zuen, besteak beste, Gabriel Arestirekin batera. Izan ere, XIX. mendetik zetorren eta gerra aurreko bi hamarkadetan indar bizia izandako antzerkiak (Martzelino Soroa eta Toribio Altzagarena, kasurako) ez zituzten baliagarritzat jotzen garai berrietarako. Jarrera horren erakusgarri da Garmendiaren Historia triste bat (1964) antzerki lana. Ondarroako Lore Jokoetako antzerki saileko lehenengo saria irabazi zuen lan harekin, eta Euskal-Elerti 69 bilduman kaleratu zen.
1960ko hamarkadan bertan, bestalde, itzulpengintzari lotu zitzaion. Albert Camusen Les Justes euskaratu zuen (Gizon zuzenak, 1967), bai eta Manuel de Pedroloren Homes i no (Gizonak eta ez, 1969) ere. Handik urtebetera Tatiana Zajarovaren Historia de la tierra (Lurraren kondaira,Herri Gogoa, 1970) itzuli zuen, non munduaren jatorriaz eta bilakaeraz informazioa emateaz gain, gaiaren inguruan jakintsu handienek esanikoak azaltzen diren.
Hurrengo urteetan itzulpenekin jarraitu zuen: Saint-Exupéryren Le Petit Prince (Printze txikia, Plan, 1970) eta Gabriel García Márquez-en Crónica de una muerte anunciada (Heriotza iragarritako baten kronika, Sendoa, 1982) euskaratu zituen. 1990ean, azkenik, haur eta gazteentzako literaturaren ildotik, Beltza! Beltza! lana kaleratu zuen Erein argitaletxean.
Zeruko Argia aldizkarian zuzentzaile eta Egin egunkariko euskara arduradun izan zen, besteak beste, eta Eusko Kontseilu Gorenean itzultzaile zela, 1978ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua euskarara itzuli zuen. Euskaltzain urgazlea ere bazen Garmendia eta euskarari egin zion ekarpen handienetako bat duela 50 urte deklinabidearen inguruan idatzitako txostena da, Arantzazun euskara batzeko egin zuten kongresuaren oinarrietako bat izan zena.
Gaur eguerdian hil da bere etxean eta etzi egingo diote hileta elizkizuna Anoetan bertan.