Feminismoari esker ikasi dut depilatzea ez dela derrigorra, nik erabaki dezakedala depilatu nahi dudan ala ez. Feminismoari esker ikasi dut makillajea hautu estetiko batetik egiten (egiten dudanetan) eta ez nire segurtasun faltak margotzeko eta estaltzeko. Feminismoari esker ikasi dut parrandan ipurdia ukitzen badidate, eraso bat dela. Eta feminismoari esker ikasi dut desira zerbait eraikia dela, eta ondorioz, gorputz hegemonikoa inposatzen duen sistema honen beste tranpa bat «besterik» ez dela.
Behin entzun nuen (ez da zerbait berria), emakumeok presio estetikoak eragindako horretan guztian pentsatzen jartzen gaituztenez, beste gauza asko (besteak beste borroka) egiteari uzten diogula. Eta amesten dut mundu horrekin; zeinetan ez dagoen presio estetikorik eta gure kezkak beste batzuk diren. Gure kezkak (eta denbora eta borrokak) geopolitikaz, klima aldaketaz edo migrazioaz pentsatzera bideratzen ditugun, mundu hobe baten bila (ez dadila gaizki ulertu; horixe da feminismoarekin egiten duguna ere, baina hori jada lortua legokeen mundu baten inguruan ari naiz).
Zoritxarrez, ordea, oraindik ere zoriontzen naute martxoaren 8an. Oraindik ere jarraitzen dut takoiak janzteko presioa sentitzen ezkontza batera gonbidatzen nautenetan. Oraindik ere sentitzen naiz ez-nahikoa emakumeongandik perfekzioa espero den mundu honetan. Oraindik ere lotsatzen naiz bainujantzia jantzi behar denetan edo txikitzen naiz besteak sartzen diren arropa neurrietan sartzen ez banaiz. Hainbeste borroka ditugu hasita, hainbeste zerumuga... Hainbeste haserre eta hainbeste gatazka...
«Feminismoari esker ulertu dugu gure balioa ez dagoela gure gorputzean, ez gure edertasunean, ezta gure galtzen neurrian ere»
Baina feminismoari esker ulertu dugun bezala, makillajea hautu bat izan daiteke, baina ez da derrigorra... Feminismoari esker ulertu dugun bezala ama izan gaitezke... edo ez. Feminismoari esker barneratu dudan bezala, gutako askori gertatutakoa normalizatu badugu ere, erasoak izan dira. Feminismoari esker ulertu dugu gure balioa ez dagoela gure gorputzean, ez gure edertasunean, ezta gure galtzen neurrian ere. Eta horrek indartsu egiten gaitu. Eta borroka hau ere, egunen batean gainditzen badugu (barkatu, nahiko ezkor nago), feminismoari esker izango da.