'Signora' baten hitzak

Eguzkiari beste itzuli bat emateak burua bueltaka jartzen digu askori, eta noski, ezin hausnarrerako aukerari ihes egiten utzi. Aurten egindakoa errepasatzean hemen plazaratzeko moduko zerbaiten bila hasi naiz. Ze nire ingurukoek kontrakoa pentsatu dezaketen arren, Maddik gauzak egiten ditu Ximun katua aipatu eta ateratzen dizkion argazkiak erakusteaz aparte. Bestelakoak ez dira katu kontuak bezain interesgarriak, baina zer egingo diogu ba.

Irudikatu ezazue Maddi autobus geltoki batean goizean goiz. Lo aurpegiarekin, ilea trakets bilduta, Ryanairrek isuna ez jartzeko soinean hiru jertse jantzita eta inguruan gertatzen zena ondo ikusi eta entzuteko betaurrekoak soinean. Bai, betaurrekorik gabe Maddik ez du ondo entzuten, baina hori beste baterako. Autobus gidariari txartela erakutsi dio eta honek: «Grazie, signora». Esan bezala, Maddi ez dago bere onenean, baina signora deitzeko bezain beste? Segituan zuzentzen saiatzen da «no, signora no, per favore!» oihukatuz, baina esandakoa esanda dago. Bere lekuan eseri da Maddi, begiak zabalik gosaltzeko lau kafe hartu balitu bezala.

Ai ama! Orduan zer, orain signora edo señora bat al naiz? Pertsona heldu bat? Ba nik ez daukat pertsona heldu batek izan beharko lukeen ziurtasunik. Gogoan dut umea nintzela zeozerk ihes egiten zidanaren sentsazioa nuela, munduan gertatzen dena ulertzeko zerbaiten gabezia modukoa. Halere, bazirudien inguruko pertsona helduek bazutela niri falta zitzaidan hori, zer egiten zuten bazekitela iruditzen zitzaidan. «Handitzean nik ere jakingo dut», pentsatzen nuen.

 

«Ofizialki 'signora' bat naizen honetan, gauza bakarra dut argi: hemen inork ez daki ezer. Bizitza gidoirik gabeko antzerki bat da eta bakoitzak bere papera ahalik eta ondoen betetzen du»



Ofizialki signora bat naizen honetan, gauza bakarra dut argi: hemen inork ez daki ezer. Bizitza gidoirik gabeko antzerki bat da eta bakoitzak bere papera ahalik eta ondoen betetzen du. Ez dago entsegurik, gutxien uste dugunean ipurdian ostikoa eman eta eszenatokira botatzen gaituzte esku hutsik. Antzeztu ahala eraikitzen dugu gure pertsonaia eta inprobisatuz ikasten dugu zerk funtzionatzen duen. Betiere kontutan hartuz atzo funtzionatzen zuenak ez duela zertan biharko balio, garai aldakorretan ezagutza iragankorra baita. Egunerokotasuneko zailtasunei, gorabehera pertsonalei eta garai latzei ahal dugun moduan egiten diegu aurre, eta panorama ikusita, gutxi ez dela esango nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!