Ez pentsa Ximun katu lasaia denik. Esna dagoenean etxeko lanak egiten aritzen da: ohea egin bitartean maindire artean sartzen da, garbitu berri den lurrean oin markak uzten ditu, hozkailua irekitzean barrura sartzen da… Ezin gelditu egun santu guztian! Gainera, esan beharra dago etxea dekoratzeko talentu eta estrategia berezia duela: harrapatzen duen guztia lurrera bota. Betaurrekoak, intxaurrak edo ordenagailuaren sagua, dena pikutara!
Baina edozeren gainetik, katu soziala da Ximuntxo. Komunera zoazela? Ximun atzetik. Atea itxita dagoela? Ireki ezazu derrepentean Ximun sartzeko. Otorduren bat? Ximunek ere bere lekua behar mahaian. «Akzioa non, Ximun han» esaten dugu etxekook.
Ximun da etxeko erregea eta dena bere erara egin behar da. Lau printzipio erraz ditu manifestu ximuntarrak: nahi duenean, nahi duelako, nahi duen arte eta nahi duenarekin. Kontrakorik eginez gero harramazka polita izango duzu ondo portatzen ikasteko. Beraz, magalera etorritakoan Jaungoiko txit gorenak aukeratu nauela sentitzen dut eta gainontzean hobe izaten da bere kasara uztea. Ezin katua ezertara behartu.
«Eta horixe da Ximunengandik ikasi dudana: gauzak, orokorrean, eta harremanak, zehatzago esanda, ez direla behartu behar»
Eta horixe da Ximunengandik ikasi dudana: gauzak, orokorrean, eta harremanak, zehatzago esanda, ez direla behartu behar. Ikasbide hori idatziz jartzen saiatu naiz azken aldian, baina aurrekoan lagun batek Javier Salvago poetaren hitz batzuk bidali zizkidan eta bete-betean asmatzen duela esango nuke. Horregatik, zuekin partekatu nahi nituen hitzok, besteren batek katu kontuetatik ikasi nahi badu ere:
«Pertsonak katuak maitatzen diren moduan maitatzea,
euren izaera eta independentziarekin,
otzantzen saiatu gabe, aldatzen saiatu gabe,
nahi duenean hurbiltzen utzi, bere zoriontasunarekin zoriontsu izanez».