[GUTUNA] Ezinezkoa da

Erabiltzailearen aurpegia Lurgatz Talde Feminista 2018ko urr. 8a, 09:56

Villabonako Lurgatz talde feministak gutuna kaleratu du udalarekin egindako bileraren ondoren:

Honako hau izan da Lurgatz talde feministak udalari eginiko azken proposamenean jaso duen erantzuna: “EZINEZKOA DA”. Lehenagotik ere hainbat proposamen eginak badira baina ez dira ontzat eman. Azken honek, ezaugarri berezi bat du: udala da honen jabea.

Eginiko proposamena esatean, emakumeak* batu ahal izateko espazio batez ari dira hitz egiten. Udalarekin eginiko bileran, udalean agintean dagoen EAJ alderdi politikoa da lehenik ezezkoa eman zuena Eneko Urdangarin zinegotziaren ahotik eta honen antzera, nahiz eta bileran ez egon, PSOEk ere, proposaturiko espazioa etxebizitza izatearen aitzakiapean, ezezkoa emana zuen. EH Bilduri dagokionean, udalak borondate politikoa balu, dagoeneko etxe horretan leudekeela zioen eta Talde Feminista etxea auzolan bidez egokitzeko prest dagoela ikusirik, ulertezina zaio ezinezkoa dela sinestea. Lurgatzen antzera, ezinezkoa benetan zergatik den galdetzen dute behin eta berriz.

Taldeak soluzio bat nahi du; egunerokotasunean emakumeak* bildu ahal izateko espazio bat nahi du; eskuartean duen materiala nonbait gorde ahal izateko espazioa nahi du; aurreikusiak dituen jardunaldiak antolatzeko espazioa nahi du; aurreikuspenak gauzatzeko espazio bat nahi du… eta Villabonako Kale Nagusian kokatua dagoen udalaren etxebizitza hutsa exijitzen jarraituko du. Onartezina zaie beraiek kalean egotea eta etxebizitza hori aurreikuspenik gabe usteltzen egotea.

Beraz, Lurgatzek argi eta garbi dio, udalak aitzakia bat bestearen atzetik botaz elkarlanerako prestutasuna ez izatean, bere bidetik lanean jarraituko duela. Gainera, proposamenik egin ez eta egiten direnak zapuzteaz gain, udal gobernuan agintean dagoen EAJko Eneko Urdangarin zinegotziak, emakumeen* benetako beharrei buruz ezer gutxi dakiela transmititu die eta Lurgatzeko kideek diotenaren arabera, nekez lan egin daiteke enpatia eza medio, gutxietsiak sentiarazten dieten pertsonekin.

Amaitzeko, Lurgatz talde feministak, “udalak kalean uzten gaituela” argudiatuz, datorren ostegunean, urriaren 11ean arratsaldeko 18:30ean Villabonako Errebote plazan egingo duten bilerara dei egiten die emakume* orori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!