Galdera bikaina. Izan ere, hainbat bikotek uda igaro ondoren harremana haustea erabakitzen dute. Eta hau ez da mito bat, datu bat baizik, eta ulergarria ere bada askotan.
Urtean zehar presaka bizi gara: lana, umeak eta abar… Iritsi ezinik gabiltza, eta bikote-harremana ere halaxe bizi dugu, presaz eta egunerokoa ahal bezala betez. Ez dugu bikote-harremana zaintzeko eta gozatzeko denbora askorik; izan ere, lanean eta lanean, bizitza aurrera doa. Bestela, nola ordaindu hipoteka?
Iristen da etenaldia, opor garaia, eta ikusten dugu ezinezkoa zaigula elkar ulertzea. Kexa kexaren gainean, poliki-poliki betetzen ari ginen ontziak behingoz gainezka egiten du. Bikotean genituen espektatibak ez dira betetzen ari, eta, zas!, dibortzio hitza orduan hasten da bere esanahi guztia hartzen. Baina merezi du dena erabat zapuztea?
Krisi larrian sartzen gara. Bikotea hautsi dezakegu, nola ez, baina guraso izatea? Beti izango gara gure umeen guraso, bananduak egon edo ez, eta horrek, nahi eta nahi ez, elkarrekiko errespetuzko harremana izatera behartzen gaitu.
Eta hona iritsi nahi nuen: erabaki hauetan bitartekaritza-prozesuek duten garrantzia azpimarratzera.
Prozesu hau epaitegiz kanpoko eta borondatezko prozedura bat da, non familia-bitartekariaren figurak gatazkan dauden senideei informazioa, orientazioa eta laguntza ematen dien. Bitartekariak ez du erabakitzeko ahalmenik; elkarrizketa-bideak errazten ditu, akordio iraunkor eta egonkorrak bilatzeko eta auzibidezko prozedurak saihesteko.
Beti bermatuko dira adingabeen eskubideak, horrek duen esanahi guztiarekin: maitatua izateko, egunero jateko, janzteko, hezkuntza jasotzeko eta abarretarako eskubideak.
Hiru K eskatzen ditu: konpromisoa, kolaborazioa eta komunikazioa. Oinarri hauekin, hitz egiten hasteko prest badaude, bitartekaritza da joko-eremua.
«Bitartekaritzaren bidez, erabakiak hartzeko erantzukizuna familiari itzultzen zaio»
Posible da «dibortzio ona», non gurasoek erantzukizunez jokatzen duten, beren eta seme-alaben bizitza modu egokian ahalbidetzeko. Ez du hirugarren batek, epaileak, haien bizitza antolatuko; aitzitik, bitartekaritzaren bidez, erabakiak hartzeko erantzukizuna familiari itzultzen zaio. Izan ere, inork ez daki familia bakoitzari buruz norberak baino gehiago.
Utzi ditzagun epaitegiak akordioari forma legala emateko soilik, hau da, dibortzio «on» hori gauzatu dela adierazteko, eta ez gure bizitzak antolatzeko, gehienetan modu orokorrean. Familiak eta bikoteak ez dira denak berdinak, eta erabakiak ere ezin dira beti berdinak izan denontzat.
Eraiki dezagun guk gure etorkizuneko harreman berri hori.
Banaketak banaketa, bizitzak aurrera egin behar du. Eta zer hobe bizitza berri hori guk aukeratutako bezalakoa izatea, bere zailtasun guztiekin.
Zentzuak berak adierazten duena, besterik ez.