Kuku!

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2022ko eka. 10a, 19:58

Apirilaren 10ean entzun dut lehenbiziko aldiz, aurten, kukuaren kantua. Ez dakit oker edo zuzen jo zidan, baina poltsiko bete dirurekin harrapatu ninduen. Kukuaren «kuku»-a eta zapo edo apoaren «ku»-a; ikaragarri atsegin ditut biak. Munduan ez da gauza ederrago askorik ekaitza baretu osteko gauetan apoaren kantuarekin lokartu eta kukuarenarekin esnatzea baino. 

Apirilean entzun nuen lehen aldiz, bai: ez dut askoz gehiagotan entzun. Bera baino txikiagoak diren txori ugari bezala, urrituz doa kukua ere gure parajeetan, hein handi batean, txori txiki horien faltan bere arrautzak erruteko habiarik topatzen ez duelako. Apoa ere, berdintsu. Denak kukultzen ari zaizkigu.

«Kukuak huts egin digu aurten: ezin ote dugu ezer egin haren kanta berreskuratzeko?». Halaxe zioen duela egun batzuk Pello Zubiriak, Argia astekarian idatzitako artikulu sakon batean. Ez naiz biologoa, are gutxiago ornitologoa, eta orriotan gai horiei buruz idazten duenik badenez, ez naiz hasiko orojakilearenak egiten.

«Munduan ez da gauza ederrago askorik ekaitza baretu osteko gauetan apoaren kantuarekin lokartu eta kukuarenarekin esnatzea baino»

Kontua da bi urtez jarraian kukuak kale egin digun arren, aurten bai, aurten agertuko zaigula kukua Anoetan. Asteazkenean da etortzekoa, danbor hotsez egingo diogu ongietorria. Anoetako jaien iragarle, udaletxeko balkoian paratuko da ekainaren 19a arte.

Asteburu honetan, berriz, jai bezperak ospatuko ditugu, gaur bertatik hasita, herriko Anitz dantza taldearen emanaldiarekin, biharko kuadrillen egunarekin, eta etziko bertso eta taloekin. Hurrengo egunetarako ere egitarau oparo eta askotarikoa prestatu digute, musika, jolas, ikuskizun eta besterekin, eta, orobat, herritar guztiok elkartuko gaituzten afari herrikoiekin.

Gustua baduzue, beso zabalik hartuko zaituztegu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!