Pasahitza (zaharra)

Noan bizitzan gora

Erabiltzailearen aurpegia Karlos Linazasoro 2017ko urriaren 11

Euriak argizaria dirudi,

inon kabitzen ez den bekaina.

Ez lur ez emamintz,

argia goren dabil galdurik,

zer argiturik ez balu bezala,

zangoetan mina eta aiena.

Neskato bat irten zait bidera,

harri urdin baten barrendik nonbait,

eta eskuetan, baina ez isilik,

ogi bat dauka, edo ogi baten oihartzuna;

miraz begiratzen dit, buruz buru,

eta ezin izan dezake izenik edertasunak

begiok ikusi ez baditu, bularron ozentasuna.

Mutu eta ozen eta banindoala pausoa gelditu dut,

eta musuka begiratu diot bekoz beko,

bertarago ezin ausarturik, ezpainetaraino.

Irria eman dit ogitik euripean,

urki bat edo lili bat ematen den bezala,

biluzik akaso, biluzik azkenik gabe,

eta nik orduan eskatu diodan izena,

nik esan diodan fereka bustia

argi galduan behera amildu da,

biok josi dugun amets berberaren jolastokira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!