Tratu ona ez dadila pribilegio izan

Erabiltzailearen aurpegia June Makibar Edurza 2026ko uztailaren 24a

Arazorik handiena ez da laguntzeko prest dagoen jende urria, aldaketa bat eragiteko maleta bat hartu eta maparen beste aldera joan behar dela pentsatzea baizik.

"Hemen ondo tratatzen naute" horixe bera izan zen boluntariotza egiten ari nintzen zentroko haur batek erantzun zidana, zentroa utzi behar zuen egunean, faltan gehien botako zuena zer zen galdetu nionean. Ez zidan haren lagun, hezitzaile, joko edota gela batez hitz egin, hura baino askoz ere xinpleagoa eta gizatiarragoa zena aipatu zidan: tratu ona.

Hitz horiek benetan uzkurtu zidaten bihotza, izan ere, noiz bihurtzen da tratu ona pribilegio? Nola iritsi gara puntu horretara?
Egun hartan nik ez nion ezer erakutsi haur hari, alderantziz baizik. Haren hitzek, ordura arte boluntariotzari buruz nuen ikuspegia guztiz aldatu zuten.

Boluntariotzari buruz dugun ideia, errealitatetik oso desberdina da. Izan ere, maletak hartzea, maparen beste aldera joatea eta errealitate urrunetara bidaiatuz laguntzea miresten dugu. Baina baliteke ilusio osoz katalejuekin ikusten dugun helmuga horri begiratzeak, gertuena dagoena lausotzea.

Bizi izan dudan esperientziari esker, nire herrian, betidanik ikusten dudan etxegabeko pertsona ikustean, ez dut pena sentitzen eta begirada alde batera eramaten, irribarre batez begiratzen diot. Izan ere, haiei ez zaie dirua bakarrik falta, ikusiak sentitzea falta zaie, norbaitek begietara begiratzea, egun on bat jasotzea eta pertsona bezala tratatuak sentitzea.

Orain bazterrean dagoen haur bat ikustean, ez ditut bere hitzak bilatzen eta are gutxiago aholkurik ematen. Bere ondoan eseri eta harekin egoten naiz, izan ere, laguntzea ez da beti arazoak konpontzea, bidelagun izatea ere bada.

Honekin guztiarekin gauza bat argitu nahiko nuke, boluntariotza ez dela mundua aldatzeko aukera bakarra. Eguneroko keinu txiki batek pertsona baten mundu osoa alda bait dezake. Batzuetan, norbait benetan entzutearekin hasten da. Norbait ikustearekin. Norbait ondo tratatzearekin. Azkenean, haur hark lehen egun hartan erakutsi zidan bezala, pertsona batek faltan bota dezakeen gauzarik handiena ez baita leku bat, baizik eta bertan sentitzen zuen maitasuna eta duintasuna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!