Atzera begira

Beotibar, pilotaren erresuma 1860tik

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2025eko apirilaren 30a

1890. urtean, frontoia ezker paretarekin eta estali gabe; paretan Elosegi familiaren palkoa ikusi daiteke.

Tolosako azpiegiturarik erabilienetakoa izango da Beotibar frontoia; pilota modalitate desberdinez gain, askotariko ekitaldiak egin izan dira bertan; 90 urte bete ditu pilotaleku estaliak eta kafetegiak.

Euskal pilotak mende asko baditu ere, Tolosan kirol horretan aritzeko leku baten lehen aipamenak XVII. mendekoak dira. 1689an erabaki zuen Udalak Plaza Berria egitea, besteak beste, pilota jokorako erabiltzeko. 1759an plaza horretako Toriles etxea bota zuten pilotarako plaza luzatzeko. 1762an bukatu zuten eraikin berria eta bere lehen pisuan trinkete bat zuen.

Tolosa Gipuzkoako hiriburua izan zen urteetan (1844-54) garrantzi berezia hartu zuen herriak, biztanlegoa handitu egin zen eta etorkizunerako azpiegitura nagusiak proiektatu ziren. 1852an San Frantzisko kalea diseinatu zen eta 1845ean zuhaitz ilarak landatu ziren bertan. Pilotan aritzeko leku berri baten asmoa ere ordukoa da, 1859koa, Plaza Berriak erabilpen handia zuelako. San Frantzisko komentuaren baratza izandakoa aukeratu zuten horretarako, Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburuan jasotzen duenez. Diputazioaren baimena lortu ondoren, Jose Eleuterio Eskoriaza arkitektoak egin zuen proiektua. Errebotea paseoaren beste aldean kokatu zuen, mendi aldera. Trenbidea ere inguru hartan hasi ziren egiten urte haietan. Luzeran 120,65 metro (Plaza Berrikoa baino 50 metro gehiago) eta zabaleran 28,42 metro zituen frontoia diseinatu zuen, 17,83 metroko frontisarekin. 1860an bukatuta gelditu zen.

Frontoia estali gabe, eta ondoan, Elosegiren txaleta.

Aurrerago aldaketa batzuk izan zituen. Errebotea handitu eta alboko pareta jarri zioten, beste modalitate batzuk praktikatu ahal izateko. Kantxak 51 metroko luzera eta 11 metroko zabalera zuen. 1889an Jose Alejandro Mujika arkitektoak beste proiektu bat burutu zuen, ikusleak hobeto antolatzeko, egun askotan jendetza handia biltzen zuten ikuskizunak izaten baitziren bertan. Galeria eta palko estaliak proiektatu zituen ikusleentzat, palko pribatua utziz Antonio Elosegi industria-gizon ospetsuarentzat, pareta berriak ondoan zuen etxean eta lorategietan itzala egin eta ikusmena kaltetzen ziolako. Horrekin batera frontoiaren eremuan kantina eta bolatokia ere proiektatu zituen. 1890eko otsailaren 14an inauguratu zen eta Beotibar izena jarri zitzaion, eskualdeko toponimorik zaharrenetakoa, 1321ean Nafarroako erresumako armada eta oinaztar gipuzkoarren artean izan zen batailaren zelaia, Belauntzan.

Hormentzat harlandua erabili zen eta eraikin osagarrientzat, egurra. Galeria eta palkoen egiturak hamar modulo eta bi eskailera zituen muturretan, eraikinari sendotasuna emanez eta bukaera orekatua osatuz, Martinen iritziz. Frontoiarekin batera beste lan osagarri batzuk ere egin ziren: iturria, itxiturak eta San Joan deitu zen kalea.

1894an frontoiaren berrikuntza guztiak amaituta, pilota jokoaren ustiapena alokairuan jarri zuen udalak, erregulartasunez jaialdiak bermatuz. 1922an Berazubi estadioa egin arte, kirol proba ugari egin ziren bertan.

Ekitaldi karlista, XX. mende hasieran.


1935EAN FRONTOI ESTALIA

Aurreko mendeko 30. hamarkadan pilotan aritzeko plaza irekia zegoen inguruko espazioak betetzen ari zirela ikusita, eremu baliotsua zela konturatu zen udala eta zerbait egiteko garaia zela ondorioztatu. Pilotalekuaren eremua estaltzearen beharra ikusia zuten aurretik ere, eguraldiaren eraginez kalterik ez izateko eta ikuskizunaren erosotasuna hobetzeko. Hala ere, frontoi estalirako nahikoa zen plazak zuen luzeraren erdia. Frontoi publikoaren kantxaren ondoan zegoen Alondegia handitzeko erabili zuten irabazitako eremua.

Herritar batzuk (Jazinto Karasatorre eta Paco Ezeiza tartean) osatutako elkarteak proposatu zion udalari frontoia estaltzea, bere ustiapenaren titularrak izatearen truke, ordu jakin batzuetan erabilpen publikorako libre utziz. Gregorio Azpiazu arkitektoak egin zuen proiektua 1935ean, San Frantzisko pasealekuaren ondoan, 67 metroko sakontasunarekin. Jokorako kantxak 42 metroko luzera zuen. Eraikin berriak pilota jaialdietan ikusle kopuru garrantzitsua hartzeko zerbitzuak zituen eta pasealekuan kafetegi bat ireki zuten. Beraz, 1860an pilota jokorako egindako plaza zabala eraikinez bete zen erabat, kantxa estalia bakarrik geldituz kirol horretarako.

Angel Martin Ramosek dio arkitektura sinplea duela lerroetan, apaingarri pseudo-klasizistarik gabe, eta pasealekura ematen duen fatxadaren borondate espresiboa aipatzen du, bere bolumen trinko eta hutsekin kontrastean, kristalezko planoek garrantzia izanik. Garai hartan mundu osoan zabaltzen zen nazioarteko estiloa jarraitzen zuen eraikinak, hormigoi armatua erabiliz eraikuntzan, abstrakzio kubistan eta apaingarri klasizisten ukazioan oinarrituta. Proiektuan simetria ez da bilatzen, sarbidea alde batean dauka, eskailera, terraza eta kafetegiaren miradorearekin. Eta erantsitako dekorazioa ere ekidin egiten da, nahi den efektu estetikoa materialen arteko harremanen espresibitatean fidatuz.

Erreketeak, 36ko gerran.

1929tik 1936ko gerra arteko epean zabaldu zen arkitektura arrazionalistaren eredua da, forma kubikoak eta azalera zilindrikoak nahastuz. 2015eko Munduko Arkitektura Egunean plaka jarri zuen bertan Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, Gipuzkoako kultur ondarearen sinbolo gisa. Garai bereko Donostiako Nautico eraikinaren antza dauka bere itxurak, leihate eta arrosa-leihoetan.

Soldadu nazi alemanak, frontoiaren aurrean, 1940an.

Kafetegia inauguratu zen egunean zilarrezko ehun koilaratxo baino gehiago desagertu zirela dio Ander Letamendiak Miguel Soroaren biografian. Areto handian era guztietako jendea bildu izan da urteetan zehar, garai batean karta eta xake jokoa ohikoak izanik. 1985ean Manuel Agirreri berritu zitzaion kafetegiaren esleipena. 1992an Jose Luis eta Juantxo Izagirre anaiek hartu zuten ardura eta gaineko solairuan jatetxea ireki zuten, Roberto Ruiz sukaldariaren esku utziz. 25 urteko kontratua amaituta, 2017 amaieran itxi zituen ateak jatetxeak eta 2019ko maiatzean kafetegiak. Udalak 30 urterako lehiaketa ireki zuen eta, Orbela tabernak eta Sonia Tapiak irabazita, 2022ko azaroan ireki zituzten berriro biak.

Goian harmailak gainezka, 1944ko pilota partida batean, eta behean, urte berean, partida bateko une bat.


MUSIKA, DANTZA, BOXEOA…

Kantxak 12 koadro ditu eta 1.220 lagunentzako aforoa dauka Beotibarrek. Pilota jaialdiak izan dira nagusi urte guzti hauetan, batez ere eskuzko modalitatean, baina baita ere palan eta zesta puntan. Urte askotan astelehenetan izaten ziren partidak, ganadu feria izaten zela aprobetxatuz. Makina bat partida eta txapelketa jokatu dira bertan. Haur eta gazteentzako pilota eskolak ere izan dira hainbat modalitatetan. Eskuz eskuko lehen mailako txapelketako finalak jokatu ziren 1958n (Ogeta 22-Arriaran 7) eta 1963n (Garcia Ariño I.a 22-Azkarate 2). Bigarren mailako eta afizionatu mailako txapelketa ugari izan dira bertan.

Pilotariak pilotak aukeratzen.

Udalarena izanik, alokairuan utzi dio hainbat arduraduni, besteak beste: Martin Amiano (1891), Irastorza (1905, 800 pezetako alokairua), Sasiain (1909), Larramendi (1913), Otaegi (1916), Huarte, De Juan (1919), Arturo Otegi (1924), Iraeta (1925), Jose Aranzabal (1926), Gregorio Irastorza (1930), Honorato Perez (1931), Santiago Mateo (1932), Juan Orbegozo (1935), Juan Antia, Jose Maria Amiano… Hainbat aldiz inor ez zen aurkeztu lehiaketan.

Bitxikeria gisa, 1936ko abuztuaren 11n tropa frankistak Tolosan sartu zirenean, frontoiko eta kafetegiko arduradunak errepublikarrak izan arren, ongietorri kartela jarri zieten kolpistei San Frantzisko pasealekua hartuz eta bere instalakuntzak eskaini, Jose Antonio Rekondo historialariak azaltzen duenez.

Baina pilotaz gain, era askotako ikuskizunak izan dira Beotibarren: dantzaldiak (Beotibar, Poker eta Zafiro orkestinak, Gazteria Batzordeak antolatutakoak gero), mitin politikoak (karlistak 1900 inguruan, 1920 eta 1921eko Langileen Eguna, Tercio Oriamendiren 25. urtemuga 1961ean, Eusko Alkartasunaren Aberri Eguna 1988an), boxeo eta borroka libreko konbateak (Bengoetxea, Morlans, Galarza, Gran Mongol, Zugadi), bertso jaialdiak (urte askotan Pilarika egunean, urriaren 12an), dantzarien emanaldiak (Harkaitz, Udaberri), txotxongiloak (Vietnamgo ur gainekoak), gazta lehiaketak, Eguberri jaialdiak, kantaldiak (Karina, Henry Stephen, Pekenikes, Formula V, Mocedades, Victor Manuel, Laboa, Lertxundi, Lete, Knorr, Oskarbi), Euskal Jaiak 1913an, erretako baserrien aldeko jaialdiak (Laskurain-etxeberri 1987an, Villabonako Urreizti 1988n, Belauntzako Saizar 1996an), zirkua (Holiday 1991n, Banaba 1994ean), San Jose de Calasanz eguneko kirol desberdinetako partidak… Herriko talde, elkarte eta alderdi askok erabili du frontoia era guztietako ekitaldiak antolatzeko.

Eusko Alkartasunaren Aberri Eguna, 1988an.

Baina pilota da frontoi baten muina eta pilotari ugari atera dira Beotibarretik, Miguel Soroa elduaindarra adibidez, lehen mailako txapelduna. Jose Miguel Rezola Tximela puntista ikusgarria eta bera bezala Ameriketan profesional gisa aritu ziren beste hainbat ere. Lehen pilotakadak bertan emandako palista profesionalak ere izan dira. Edo kanpoan profesional izatera iritsi ziren emakume raketistak. Profesional gisa partida gehien jokatutakoa Luis Mari Aranzabe alkizarra izango da.

Gaur egun lehen mailako esku pilotan Tolosaldea izango da eskualde garrantzitsuena eta Altuna, Artola, Jaka, Peña, Iztueta eta Tolosa bezalako pilotariek ordu ugari pasatu zituzten umetan eta gaztetan Tolosako Beotibarreko pareta zaharren artean. Badu etorkizuna pilotaren erresumak.

 

Argazkiak: Kutxa Fototeka

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!