Beotibarren, etxean bezala

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2019ko aza. 28a, 19:59

Luis Mari Aranzabe alkizarrak 345 partida jokatu zituen Tolosako frontoian pilotari profesional gisa.

Eskualdeko pilotari ohia dakarkigu orrialde hauetara, Luis Mari Aranzabe alkizarra, mila partidu baino gehiago jokatutakoa 14 urtetan zehar (1973tik 1987ra) profesionaletan eta gainditzea zaila jarri den marka jarri zuena: Beotibar pilotalekuan 345 partida jokatu zituen.

Luis Mari Aranzabe Goenaga 1949ko ekainaren 18an jaio zen Alkizan. Albiztegi baserrian bizi eta, familian aurrekaririk ez izan arren, umetatik hasi zen pilotan jokatzen herriko frontoian, beste mutiko asko bezala. Lehen txapelketa 13 urterekin jokatu zuen herrian bertan, jubenil mailan sartuz (orduan ez zegoen besterik gazteentzat), Etxabe baserriko Ramon Iruretagoiena herrikidearekin batera. Hurrengoan ere jokatu zuten, finala tanto batez galduz.

16 urterekin Tolosara eman zuen saltoa eta beste txapelketa batzuetan parte hartu zuen, Iruretagoienarekin batera Altuna eta Labaien amezketarren kontra adibidez.

Tolosako Urdiña Txiki elkartearen izenean jokatu zuen Gipuzkoako txapelketa eta finala galdu zuten berak eta Gabellanes irurarrak Beristain-Oteiza azkoitiarren aurka. Partida horren bitxikeria da Aranzabe aurrelari gisa aritu zela, normalean atzelaria zenean. «Oreja III.arekin asko jokatu nuen bikote gisa, txapelketa asko irabaziz bi urtetan. Tolosan ikasten zuen eta bere herriko Saralegik esanda hasi nintzen harekin jokatzen», dio Aranzabek.

19 urterekin afizionatuen mailara pasatu zen alkizarra. Argote belauntzarra, Galarza II.a amezketarra eta Saizar hernialdetarrarekin asko aritu omen zen. Herriz herri ibiltzen ziren jokatzen. Soldaduska Donostian egin zuen eta handik bueltan eman zuen profesionaletarako pausoa, 24 urterekin. «Orduan Empresas Unidas izenekoa bakarrik zegoen. Lau enpresagizon ziren: Donostiako Dublang, Eibarko Bidarte, Bergarako Ugarte eta Gasteizko beste bat. Oreja anaiak Bergarara joan ziren proba egitera eta ni ere haiekin batera joan nintzen. Tokia banuela esan zidaten. Dublangek esan zidan profesional bezala jokatzen hasteko eta gero egingo zidatela kontratua, presarik gabe. 1973ko martxoan debutatu nuen, Ezkurrarekin (Koteto erremontistaren aita, gero bere erretiroan jokatu nuen eta 18-0 irabazi genien) batera 18-7 irabaziz Galarza I.a-Saizarri, eta sei hilabete egin nituen horrela, 44 partida jokatuz», gogoratzen du alkizarrak.

ENPRESA ALDAKETA

«Baina azaroan Eskulari enpresa sortu zen eta Miguel Soroa tartean zen. Adiskidetasun handia nuen berarekin. Ea kontraturik nuen galdetu zidan eta oraindik sinatu gabe nuela erantzun nionean, beraiekin joateko esan zidan. Nik pozik hartu nuen, aita bezala zen niretzat eta. Enpresa horretako lehendakaria Fraile errioxarra zen eta Lajos, Soroa eta beste batzuk ziren bazkide», azaldu du. Diru gehiago eskaini omen zioten gainera: 3.000 pezeta partidako. Garai hartan lantokietan 12.000 pezeta irabazten omen zituzten. «Diru ona zen, orain ere bai, beti ona da», aitortu du. Pixkana soldata igotzen joan zen eta bukaera aldean partidako 14.000 pezeta irabaztera iritsi omen zen.

Errioxako frontoietan asko jokatzen zuen Aranzabek: Logroño, Santo Domingo… Baina baita ere Nafarroa eta Gipuzkoakoetan ere. «Baserrian aritzen nintzen normalean eta partida jartzen zidatenean hara joaten nintzen», dio. Orduan enpresa bakoitzean berrogeita hamarna pilotari omen ziren eta partida asko izaten ziren, askotan bi enpresetako jokalariak nahastuz, ikusmin handiagoa pizten zelako ikusleen artean: Tolosan astero bi (larunbat gauean eta astelehen arratsaldean, igande batzuetan ere bai, dantzaldiaren aurretik), Eibarren beste bi (ostegun gauean eta jai arratsaldean), Bergaran ere bai (asteazken eta larunbatean)… Partidak batez ere asteburuetan jokatzen zituen, baina tarteka astean zehar ere bai.

Banakako txapelketan parte hartu zuen pare bat aldiz, baina bietan galdu zuen, ez omen zen harentzat. Eta binaka askoz gehiago jokatzen zuen, baina orduan lehen mailakoek bakarrik jokatzen zuten txapelketa binaka. Bera bigarren mailako partidetan ibiltzen zen, partida nagusi gutxi batzuk ere jokatu bazituen ere. «Partida asko jartzen zizkidaten oso segurua nintzelako, beti berdintsu aritzea eta eusten jakitea gustatzen zitzaien enpresari, artekariei eta apustulariei», aipatu du.

Bere iritziz, argi dago pilota dirua jokatzeko dagoela eta enpresak, lehen eta orain, dirua irabazteko daudela. Orduan telebistarik ez zegoen eta diru asko jokatzen zen. «21na edo 22-20 egiten genuenean intendenteak pozik ematen zigun dirua zuen gutun-azala. Abantaila handiz irabazitakoan berriz, ezta aurpegira begiratu ere ia, diru gutxi jokatu zelako frontoian», dio.

Dirua tartean izanda, iruzur arriskua beti egon dela onartu du: «Irabazteagatik propina jaso izan dut, hiru edo lau aldiz, enpresak emandako adina edo gehiago, baina galtzeagatik sekula ez, nahiz eta norbait saiatu erosten. Hala ere ikusten nituen inguruan hori egiten zuten batzuk, artekariekin eta harremanetan zeudenak. Enpresek eta artekariek bazekiten nork egiten zuen, baina isildu egiten ziren. Inor ez bazen kexatzen, aurrera».

MILA PARTIDA BAINO GEHIAGO

Hamalau urtez aritu zen profesional bezala eta partida asko jokatu zituen, mila baino gehiago, irabazitakoak ehuneko handia izanik: hiru urtetan partida gehien jokatu zutenen artean laugarrena izan zen Eskulari enpresan. Adibidez, urte batean Maiz II.a izan zen lehena, 106 partida jokatuz; ondoren 102 partida jokatu zituen Salbador Bergara, jarraian Pierola ehunekin eta Aranzabek 97 jokatu zituen, horietako 61 irabaziz. Bi partida jokatutako egun bat ere badauka Beotibarren, biak irabaziz. Bere garaiko beste pilotari nabarmenak ziren Lajos, Garzia Ariño, Gorostiza…

Euskal Herriko eta inguruetako frontoi guztietan ibili bazen ere, batez ere udan eta herrietako jaietan, Tolosako Beotibarren sentitzen zen etxean bezala. Izan ere, jubeniletatik hasi, afizionatuetan jarraitu eta profesional bezala ere ordu asko sartu zituen bertan. «Erretiratu nintzenean, Pedro Mari Estanga kantxeroak sekulako oparia egin zidan: bertan jokatutako partida guztien zerrenda emaitzekin, debutetik erretiroa iritsi arte. 345 guztira. Lazkanok (gero kantxeroa izan zena) esan zidan berak ere asko jokatu zituela, baina hainbeste jokatutako inor ez duela ezagutzen», kontatu du pozik.

Garai hartan ez omen zuten gaur egungo prestakuntzarik: «Gure gimnasioa baserriko lana zen, partidan sekulako pasada hartu ondoren, hurrengo egunean baserrian beste hainbeste. Masajistak ezer ez egitea baino hobea zela esaten zigun. Frontoian zerbait entrenatzen nuen, norbaitekin edo bakarrik, batzuetan Antonio Zubiaurre (alkate izandakoa) harrika (pilota botaz) aritzen zitzaidan eta Anoetara joan-etorria korrika ere egiten nuen», azaldu du Aranzabek.

Bere garaiko pilotarien artean Ogeta aipatu du bereziki: «Ikusi dudan onena izan zen, bi eskuak zituen, indarra…». Retegi III.a izan omen zuen aurkaririk gogorrena, sake ona zuelako. Askotan jokatu omen zuen berarekin eta bietan galdu egin zuen 21-9 eta 21-13 irabazten joan ondoren. «Hori ez da sekula ahazten», dio. Oreja anaiekin ere asko jokatu zuen, harreman handia izanik. Tolosaldeko pilotari profesional dezente zen garai hartan: Lazkano, Soroa, Unsain, Galarza anaiak, Gabellanes...

ERRETIROA SAN JOAN EGUNEAN

Erretiroa noiz hartu berak erabaki zuen. «38 urte egitera nindoan, Eskularin sozio berriak sartu ziren, Pilotaberriko Retegi eta horiek. Aurretik genituen akordioak aldatuko zirela pentsatu nuen eta uztea erabaki nuen», dio. 1987ko San Joan egunean izan zen omenaldia, Beotibarren, nola ez. Partida nagusian Bergara II.a-Maiz II.ak 22-19 irabazi zieten Bengoetxea IV.a-Errandoneari.

TELEBISTAZ

Gaur egungo pilota telebistaz jarraitzen du bereziki, oso gutxitan joanez frontoietara.

Altuna amezketarra «artista» bezala definitzen du eta Olaizola ere nabarmendu du, «ikusi dudan ezker aire onena», nahiz eta orain «beheraka» joan. Atzelarien artean Galartza III.a eta Rezusta aipatu ditu. Jokatzeko modua asko aldatu dela dio: «Orain oso suabe sakatzen dute, pasaren beldur. Denek ezker airea egiten dute».

Materiala ere desberdina omen da, baina hori enpresek erabakitzen omen dute, bere interesen arabera, lehen eta orain. «Tapia II.ak pilotarekin frontisean atera zuen hotsa entzuten dut oraindik. Jokalari bikaina zen, ikusteko modukoa», aipatu du. Orain pilota biziagoak izanda ere, seitik atzera gutxitan egiten omen du botea. «Bote altuagoa daukate, zutik jokatzen da orain, lehen gehiago makurtu behar izaten genuen», zehaztu du.

Errebotera iristen ziren pilotariak aipatu ditu: Salbidea, Zezeaga, Nalda II.a, Armendariz… Orain pilota guztia txapelketari begira dagoela uste du eta konpetentzia handiagoa dagoela beste kirol asko daudelako.

Publikoa ere asko aldatu omen da, orain buila egitera omen doa askotan: «Lehen, seguruak ginenoi, bi kale eginez gero, segituan hasten ziren txistuka. Orain ez da txisturik egiten».

ZAILTASUNAK

Pilotari gazteek ere zaila omen daukate gaur egun: «Debutatuz gero, ez nuen bidaltzeko beldurrik izan, lasai nengoen, ondo ibili nintzen. Baina orain kontratu oso motzak egiten dituzte eta aurrera egiten ez duten asko 24-25 urterekin etxera bidaltzen dituzte, sasoi onenean, guk debutatzen genuen garaian, ilusio guztia izorratuz. Negargarria da».

Bi semeak, Urko eta Igor, ibili ziren pilotan eta bigarrena Gipuzkoako finalera iritsi zen jubenil mailan. «Lanean hasi zen eta hobe zuela zerbait ikastea esan nion, gaur egun bigarren mailakoek ez dutelako dirurik egiten eta ez duelako merezi», dio. Orain oso pilotari gutxi daudela dio, eta enpresetan langile asko: teknikariak, medikuak, masajistak… «Gure garaian Arriaran III.a eta Alfonso Etxeberria intendenteek dena egiten zuten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!