Hilberria

Antxon Elosegi, jai egilea

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2024ko eka. 11a, 07:59

Antxon Elosegi 2023an Kabi Alai Kuttun izendapena jasotzerakoan.

Gizon handi bat txapela baten azpian. Jai egilea. Kultur sustatzailea. Talde lan askoren motorra. Tratu errazekoa. Gertukoa. Plaza gizona. Herriaren alde lan egindakoa. Adjektibo horiek guztiak ondo merezita zituen tolosar bat joan zaigu asteburuan: Antxon Elosegi Vitoria. 

Jai egilea izena zuen 1903an Tolosako zezen plaza bultzatu eta eraiki zuen elkarteak. Tartean zegoen Pedro Estanislao Elosegi, Antxonen aita. Ehun urte baino gehiago bizitu zen aita, semea ez da urruti gelditu eta azken ordura arte ilusioz, bizitzeko eta ekimenak bultzatzeko gogoz bizitu da. Zezen plazaren ondoan hazi zen Antxon eta aitaren zaletasunarekin jarraitu zuen, gaztetan zezenen aurrean eta geroago zezenketa antolatzaile gisa, «munduko plazarik handiena» behin baino gehiagotan betetzea lortuz. 

Ez zen izan antolatu zuen jai bakarra. Inauterizalea txikitatik, Kabila kuadrillatik danborradaren eta beste hainbat ekitaldiren sustapenean murgildu zen. Txaranga, umorea eta mozorroa bihotzean eraman zituen azken unera arte. Horrexegatik txupinazoa botatzeko aukeratua izan zen iaz. 

Ez zen jaietan bakarrik gelditu. Herriko elkarte desberdinekin batera, Tolosako Ekinbide Etxearen sorreran parte hartu zuen eta lehendakaria izan zen lehen urteetan, ondoren gertutik lagunduz.  Abesbatzak, txotxongiloak eta hitzaldiak badira gaur egun mantentzen dituen ekitaldiak, bidean beste ehunka ekimen sortu zituzten. Gaur egun Tolosa abesbatza munduan erreferentea izatearen eta mundu osoan euskaraz kantatzearen errudunetakoa izan da Antxon. Herrian dugun euskal eskultore garrantzitsuenen obra bilduma aparta berari zor zaio neurri handi batean. Talde lanean aritzea gustatu zitzaion beti, baina bere ilusioa, alaitasuna eta kemena ziren talde horien motorren gasolinarik hoberena. Eta emaitzak bistan daude.  

Profesionalki eraikuntza eta sanitarioen munduan aritu zen, familia ugaria aurrera ateraz. Euskal gatazkaren ondorio gordinak zuzenean eta oso gertuan bizitu zituen, baina beti aurrera egin zuen bakearen eta konponbidearen alde, horretarako behar zen guztiekin hitz eginez. 

Pertsona ona, tratu errazekoa, gertukoa, naturala, apala, plaza gizona. Hainbeste esparru sozial eta belaunaldi desberdinetako lagunak dituen inor ez dut ezagutu. Seriotasuna eta bromak tartekatzen zituen beti solasaldian. Berarekin egotea inauteri edo sanfermin une bat bizitzea bezala zen. 

Tolosako txapelarekin batera, lastozko kapela, Kabilako fez berdea, Inauterietako onddo-kapela eta sanferminetako zapi gorria ondoan zituen hil kaperan. Bizitza baten laburpen polita. Jasotzeko erein egin behar dela esaten zuen maiz. Eta jaso du errekonozimendua, hainbat sariren bidez eta Tolosako Udalaren omenaldian 2019an, alderdi guztien adostasunez, eta bizirik zegoela, berak nahi bezala. Herria maite zuen eta herriak maite zuen bera, bizitzan zehar eta egun hauetan ondo ikusi ahal izan den bezala. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!