Atzera begira

Bidaniko umeen etxea

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2024ko mai. 22a, 08:35

Bidaniko plazako jauregia, gaur egun.

Bidaniko plazan kokatutako Muñoa jauregia ume behartsuak eta umezurtzak jasotzeko etxea izan zen 36ko gerran eta ondorengo urteetan, 1960. urtera arte.

Bidaniko Muñoa jauregiak ume behartsuak eta umezurtzak jaso zituen 1936ko Gerran eta ondorengo urteetan, 1960 inguru arte. Errejimen frankistako barnetegi gisa funtzionatu zuen. Gose garai haietan, oroitzapen gazi-gozoak dituzte handik pasatu zirenek. 

Muñoa familia Bidaniko aberatsena izan da azken mendeetan. Bere historia jaso zuten Edurne Agirrezabalak eta Iban Urdapilletak Bidaniako ontzi fabrika eta Asentxio Elustondok eta Lucas Arizetak Bidania liburuetan. Marcos Antonio Muñoa Iraola 1801ean jaio zen Bidaniko Santa Ageda baserrian. 1820an Argentinara migratu zuen, etorkizun hobearen bila, beste euskaldun askok bezala, eta 35 urtetan aberastu egin zen abeltzaintzan lan eginez. Euskal Herrira itzuli eta Donostian jarri zen bizitzen, Bidaniarekin lotura estua mantenduz. 1858an 10.000 erreal eman zizkion erretoreari eliza eta sakristia egiteko. Bidaniko Elola etxeko (gaur egun jauregia dagoen tokia) Manuela Pagadizabal Toledorekin ezkondu zen 1865ean eta bi seme izan zituzten, Juan eta Migel. 1880an hil zen Marcos Antonio Muñoa, egun batzuk lehenago 25.000 pezeta emanez eliza berria egiteko Bidanian. Bere anaia Migel Antonio Argentinan hil zen 1885ean seme-alabarik gabe eta ilobei utzi zien bere dirutza. 

Ondorengo urteetan hirigintza aldaketa nabarmenak egin ziren Bidaniko gaur egungo herrigunean, Muñoaren alargunaren eta bi semeen laguntzari esker: San Bartolome eliza (1885-90an, aurrekoa kanposantu ondoan zegoen, han zen orduan herrigunea), erretorearen eta sakristauaren etxeak, Muñoa jauregia –gaur egun, Ana Jauregia da– eta udaletxea. Geroago Alkartasuna sindikatua sortu zuten Juan eta Migel Muñoak herrian. 

Donostian ere lan handia egin zuten irakaskuntza eta euskararen alorrean: Juanek (Agustin Bruneten laguntzarekin) Los Angeles eskola eta musika bultzatzeko Schola Cantorum sortu zituen; eta Migelek lehen ikastola zabaldu zuen 1914an Juan de Bilbao kalean, gero beste bat Puyuelo kalean, 1920ean Karmeliten komentuan 200 ikasle izatera iritsi zen eta 1924an Koruko Andre Mariaren ikastetxea izena hartu zuen. 

1933an bi anaiek Alfarería Guipuzcoana ontzi fabrika sortu zuten Bidanian, inguruko gazteei lana emateko. 1936ko Gerra hasi zenean itxi zen, 1941ean berriz martxan jarri zuten eta, jabe desberdinak ezagutuz, 1968an itxi zen fabrika betirako.

 
Gerraren etena
Ez zen izan gerrak ekarri zuen aldaketa bakarra ontzi fabrikarena. Francoren tropak Bidanira iritsi zirenean, Juan Muñoak gosaltzera gonbidatu zituen; ofizialak jauregian eta soldaduak plazan. Hurrengo egunean erreketeak iritsi zirenean Muñoaren aurkako mehatxuekin, honek 10.000 pezeta eman zizkien, baina alferrik izan zen, urte bereko otsaileko hauteskundeetan Eusko Alderdi Jeltzalearen alde egiteagatik eta Mateo Mujika gotzainaren eta Telesforo Monzon politikariaren lagunak izateagatik, bi anaiak atxilotu eta Kursaaleko kuarteleko kartzelan sartu zituzten. 

Argentinako familia herrialde hark Espainian zuen enbaxadorearekin harremanetan jarri eta astebetean bi anaiak libre uztea lortu zuten. Kartzelatik atera ondoren, Juan Muñoak beste 90.000 pezeta eman zizkion Gipuzkoako Junta Karlistari, bere segurtasuna bermatu nahian eta handik gutxira bi anaiek muga pasatzea lortu zuten eta Donibane Lohitzunen finkatu zen familia. Bidaniko jabetza guztiak kendu zizkieten frankistek muñoatarrei eta milioi pezeta askoko isunak jarri, euskal nazionalismoaren aldekoak izateagatik.       

Frankisten aldeko Falange mugimenduak Auxilio Social (Gizarte Laguntza) izeneko erakundea sortu zuen, familia behartsuei oinarrizko zerbitzu batzuk emateko: jangelak (Donostian, Lasarten eta Urretxun, besteak beste), osasun zerbitzuak, udalekuak eta haurrak hartzeko etxeak.


Behartsuentzat barnetegia
1937ko urriaren 31n, igandea, inauguratu zen Bidaniko umeen etxea jauregian, «agintari eta herritar ugari elkartuz», garaiko prentsaren arabera. 50 ume hartu zituzten etxean, Badajoztik (Extremadura, Espainia) ekarritako neskak. Jostailuak banatu zizkieten haurrei eta Espainiako ereserkia eta Francoren aldeko oihuak ez ziren faltatu, noski. Garai hartako egunkarietan etxe zuri dotorea aipatzen dute, zuhaitz eta landarez betetako lorategiarekin. Bertan logelak, sukaldea, jangela, eskola, erizaindegia, sendagile gela, josteko gela, kapera… zeudela aipatu zuten, eta «etxe atzeko jolas parkean crocket eta tenis jokoak eta etxeari energia elektrikoa ematen dion erreka bat» zeudela gaineratu. Neguko lorategia ere bazen, liburu, landare eta jostailuz betea omen zegoen. Ines Lapiedra izan zen etxearen zuzendaria eta bi moja eta zortzi laguntzaile arduratzen ziren etxeko lanez, irakaslea, erizainak eta administraria tartean.

Erregimen frankistako komunikabideek propagandarako erabiltzen zituzten testuek ez dute zerikusirik bertan bizitu ziren batzuen testigantzekin. Jaime Ballesta donostiarra 1948an eraman zuten Bidaniko umeen etxera, 9 urterekin. Oroitzapen gazi-gozoak azaldu zituen 2010ean Gipuzkoako egunkari batean egin zioten elkarrizketan, jolasekin batera gosea eta hotza ere ezagutu zituelako. 


Gosea eta hotza
Ballestaren aita Mauthausengo kontzentrazio eremura deportatua eta ama Telefonicako langilea zen. Alargun behartsuen seme-alabek ikasteko zuten aukera bakarra Bidaniko etxea izan zen. Usurbilen eta Seguran ere ba omen ziren halakoak. Zazpi bat urte egin zituen bertan Ballestak. Batxiler arteko ikasketak ematen zituzten bertan eta ondoren lanbide heziketa egitera eramaten zituzten Portugaletera. Garai horretan mutilak bakarrik izaten ziren bertan. 

Gosea gainditzeko arbiak, sagarrak eta ahal zutena lapurtzen omen zieten baserritarrei. Estraperlo eta merkatu beltzeko garaiak ziren eta beraientzat ziren dilistak eta txokolatea ez zitzaizkien iristen. Ogia eta esnegaina ematen zizkieten meriendan. Hala ere, ondo jaten zutela ere aipatu zuen Ballestak. Hotza gainditzeko estufa pare bat bakarrik zutela zioen, eta logeletan batere ez. Arropak ere, hala-moduzkoak. Hori bai, Falangeko txaketa dotoreak zituzten, mezetara joateko edo agintariak zetozenean bakarrik janzten zituztenak. Jauregiaren esparrutik oso gutxi ateratzen ziren herrira. Oporretan bakarrik joaten ziren etxera eta tarteka familiaren bisita jasotzen zuten. Han jasotako tratuak haur haiengan aztarnak utzi zituela aitortu zuen lekukoak. 


Filmen eszenatokia
«Mutrikun sute handi bat izan zen, arrantzaleen egurrezko etxeak erre ziren eta han bizi ziren mutilak etorri ziren plazako etxe horretara. Pilotan aritzen ginen elizako zimiterioan eta haiek etortzen zirenean guk alde egin behar izaten genuen, gogor egiten zigutelako», azaldu du Antonio Beloki bidaniarrak. Mutiko haietako batekin, Xanti Basurkorekin, harremanetan jarri da ATARIA eta informazio gehiago eman du: «1958ko ekainaren 30ean bi etxe bloke handi erre ziren Mutrikun. Azpian artazi fabrika zegoen eta han sortu ziren txinpartak. Zazpi pertsona hil ziren, gehienak adinekoak. Berrogei familia inguru bizi ginen bertan eta hango 20-22 mutil Bidanira eraman gintuzten, eta neskak, Donostiara, moja batzuengana. Bidaniko etxean beste leku batzuetako mutil umezurtzak ere baziren. Etxea Estatuarena zen orduan eta emakume handi bat zen arduraduna. Bi urte  eskas egin Bidanian eta Hondarribira eraman gintuzten. Han beste urtebete egin genuen. Erre zen gure etxean gaur egun Txikori paketea deitzen dugun etxe luzea dago, moilarako jaitsieran». Bere anaia Juan Manuel ere Bidanira eraman zuten 7 urterekin. Haren alargunak aipatu du bere bigarren herria izan zela Bidania eta askotan itzuli zela gerora bisitan. Oroitzapen onak dituzte Basurko anaiek. Zehazki erretako etxeetan bizi ziren 5 eta 14 urte arteko 11 mutil, eta Bidanira eraman zituzten. 14 neskak Donostiako Ubako etxera eraman zituzten.

Urte batzuen ondoren, etxe hori itxi egin zen, bertako haurrak eta arduradunak desagertu egin ziren. Ixteko arrazoia ez dugu jakiterik lortu. Harrez gero eta enkante batzuen ondoren, jauregia Donostiako Puente familiaren eskuetara iritsi zen eta udako denboraldiak pasatu izan dituzte bertan. 

Pelikula batzuk ere filmatu dira bertan. Adibidez, oihartzun handia lortu zuen Sebastian Cordero zuzendariaren Rabia filma grabatu zen etxe horretan 2009an, tartean Concha Velasco, Iciar Bollain eta Xabier Elorriaga aktoreak zirela. Eta duela hilabete gutxi Tenpora musika talde tolosarrak bertan grabatu zuen bideoklipa. Historia luzeko jauregi dotorearen barrualdea ikusteko aukera egokia.

Argazkiak: 'Enfermeria avanza' bloga

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!