Erraldoia, Insalus eta Orixe

Erabiltzailearen aurpegia

Tolosatik abiatuta, Altzo, Lizartza eta Orexa ezagutzeko aukera ematen du bizikletaz egiteko ibilbideak; Altzorako eta Orexarako igoerak gainditu beharko ditugu.

Nafarroako bidean aurkitzen diren Tolosaldeko beste hiru herri ezagutuko ditugu bizikleta txango honetan: erraldoiarena, Insalus urarena eta Orixe idazlearena.

Altzora igotzeko hiru bide daude: bi Alegiatik eta bestea Txaramatik. Azken hau gogorrena denez, jaitsierarako utziko dugu. Beraz, Tolosatik abiatuta N-1 errepidearen parean doan bidegorria erabiliko dugu Alegiaraino joateko, bost kilometro erabat lauak izanik. Esan bezala, bi aukera daude bertatik: Altzo Azpitik (GI-3071) edo Alegiako errotatik (GI-3620). Bietatik ehun metroko desnibela gainditzeko aldapa igo behar da, baina ez da izango Txaramatik bezain gogorra. Altzo azpitik abiatuz gero, hiru kilometro daude Altzoko plazaraino, bidean Beneditarren komentutik pasatuz eta azken kilometro eta erdia, Txaramara jaisteko bidegurutzetik aurrera, leunagoa izanik. Alegiako errotatik bi kilometro daude eta zuzenean plazara agertuko gara. Migel Joakin Eleizegi erraldoiaren irudia Ipintza haundi bere jaiotetxean edo frontoiaren ondoan ikus daiteke. Altzo Muñon Jasokunde Amabirjinaren eliza, udaletxea eta Santa Barbara ermita aurki ditzakegu eta Altzo Azpin San Salbador eliza.

TXARAMA

Txaramara jaisteko, Altzo azpitik igo bagara, atzera bide beretik egingo dugu (GI-3620) eta handik behera kilometro eta erdiko aldapa gogorra izango dugu. Behin Nafarroako errepidea (N-130) hartuta lau kilometro ditugu Lizartzaraino, nahiko lauak, eta handik beste lau kilometro eta erdi Orexara igotzeko (GI-3601), ia hirurehun metroko desnibela gaindituz. Lehen biak errazago egingo zaizkigu txirringan azken biak baino. Santa Krutz eliza eta ondoan Tomas Ugartemendiak egindako Orixeren oroitarria, San Markos ermita Intxaurpe auzoan, Errebote atze pilotalekua eta udaletxea-elkarte-taberna ikus daitezke bertan.

Lizartzara bide beretik jaitsiz, Araxes ibaiaren ondoan eta Otsabio mendiaren azpian, berehala Sagrarioko Andre Mariaren ermita topatuko dugu eta aurreraxeago, plazan, Santa Katalina eliza, pilotalekua, eskola eta udaletxea.

Tolosara itzultzeko maldarik gabeko zazpi kilometro gelditzen zaizkigu.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!